II. Fenomena rock jaialdia egingo dute bihar Hondarribiko Alde Zaharrean. Psikodelia, glama eta garagea protagonista izango dira.
Ernesto Villar, Oskar Marcos eta Iñaki Vazquez, Kasino Zaharreko terrazan kartela jartzen
Eguna argitu arte rockeatzen ibili ez dena ez da benetako rockzalea. Eskutik lotuta doaz gaua eta rocka, larruzko jaka jantzita atera edo bakeroa, gauez ateratzen dira genero horretako jarraitzaileak. Baina, nonbait, ez dira gauez bakarrik ateratzen, edo hori da behintzat bihar Hondarribian erakutsi nahi dutena. Fenomena rock jaialdiaren bigarren ekitaldia egingo dute bihar Alde Zaharrean, eguerdian hasi eta gauerdia baino lehen bukatuko dena. Lau talde eta hiru DJ, Kasino Zaharrean eta Apezpiku plazan banatuta. Rock estiloa ulertzeko zazpi era desberdin, baina ezaugarri batzuk komunean, bizitasuna, energia, eta psikodelia dosi handitan.
Fenomena Kultur Elkartea da biharko jaialdiaren antolatzailea. Ernesto Villar, Oskar Marcos, Patxi Bello eta Iñaki Vazquez dira elkarteko kide sortzaileak eta, ez da kasualitatea, beste herri bateko rock jaialdi batean zeudela bururatu zitzaien Hondarribian rock jaialdi bat sortzearena. Hori bai, hasieratik argi zuten, beraienak berezia behar zuen izan, arriskatu nahi zutela kontatu du Villarrek: “Egunez egin nahi genuen, gure apustua hau da, arriskatua nahi baduzu, baina ez gara enpresa bat, ez gara gauza errazak egitera etorri, gure ideiak aurrera eramatera baizik”. Iaz egin zuten hori, lehen Fenomena antolatuta, eta aurten errepikatuko dute, bigarren ekitaldiarekin.
Gaztetan rockzaleak —eta musikariak— ziren, eta heldutasunera iritsita ez dute zaletasun hori galdu. Noski, beste ardura batzuk dituzte laurek eta, eta zailagoa egiten zaie rock kontzertu eta jaialdien ohiko ordutegia jarraitzea. Bellok argi du egunez ere antolatu daitezkeela rock estiloari lotutako ekitaldiak: “Argi daukagun gauza bat da jaialdia egunez egitea nahi genuela. Gure adineko jendeak haurrak ditu, eta egunez egiten den jaialdien formatua oso egokia da haurrekin batera ere rockaz disfrutatzeko. Hemen inguruan horrelako kontzertuak aurkitzea ez da normala, eta guk hori nahi genuen, apustu hori egin”.
Iazkoa fenomeno atera zitzaien (
ikusi argazkiak). Jende piloa hurbildu zen Alde Zaharrera rock musikaz gozatzera. Bi talde (Everybody Here Wants You eta Joseba Irazokiren taldea), eta hiru DJ ageri ziren egitarauan. Kontzertuetarako taula Kasino Zaharrean jarri zuten, eta DJek Apezpiku plazan pintxatu zuten. Goian nahiz behean, ehunka zale bildu ziren egun osoan. Ikusitakoa ikusita, beste erremediorik ez dute eduki, bigarrena antolatzea.
Lehen izarrak, hiruretan
Apustua egina dago, eta ez dago atzera bueltarik. “Pena izango litzateke Atom Rhumbaren kontzertuan jende asko ez egotea, hiruretan delako —esan du Marcosek burua jaitsita—, baina hor dago erronka, arratsaldeko hiruretan Kasino Zaharreko lorategia rockzalez betetzea lortzea”.
Bilbotarrak hiruretan, Liverpooleko The Cubical laurak eta erdietan, eta Alien Tango bederatzietan, hori ja ordu normalago batean. Hiru talde handi bildu dituzte bigarren Fenomenarako. Vazquezen iritziz, “oreka dago taldeen artean, zaila da esatea zein den kartel burua. Prezioetan bai, hor nabari da, baina mailan ez hainbeste, hirurak izan daitezke kartel buru”. Bellok erantsi duenez, aurten beste modu batera antolatu dute jaialdia, profesionalago nolabait esatearren: “Promotoreen mundu horretan sartu gara, eta beraiek esaten dizute zeintzuk dauden biran, zeintzuk grabatu duten, zein preziotan dauden bandak”.
Babesleak lortzeko ate asko jo dituzte eta horrek katxe handiagoko taldeak kontratatzeko aukera eman diela aitortu du Vazquezek: “Joan den urteko taldeen maila ere handia zen, baina aurtengoen katxea handiagoa da, izena dutelako. Lau taldeak oso desberdinak dira, baina kalitatea soberan dute laurek”. Villar ados dago bere lagunarekin: “Ideala litzateke zure gustuko lau talde ekartzea, ez handienak, baizik eta zuri zerbait eragiten dizuten horiek. Taldeak aukeratu eta ekartzea, baina noski, gauza asko kontuan hartu behar dira, eta aurtengo kartela sekulakoa dela uste dugu”.
Gaur hasiko da
Kartel erakargarria osatu dute Fenomenaren bigarrenerako. Iaz baino bi talde gehiago, eta lehen ekitaldian egon ez ziren ekintza osagarri ugari izango dira aurten. “Askoz eduki gehiago du —onartu du Vazquezek—, bai taldeei, baita ekitaldi osagarriei dagokionez ere, bazkaria dela, taberna… Joan den urtean hilabete batean antolatu genuen dena, aurten hilabete dezente da hasi ginela eta asko falta zaigu [asteartean]. Baina aterako da”.
Berritasunetako bat bezperan iritsiko da, gaur, Martxel Mariskalek Kultur Etxean emango duen hitzaldiarekin. Beti Mugan eta Zura taldeetan musikari aritu da, baina horiez gain beste hainbat taldek erabili dituzte bere letrak, Dutek, Lisabok… Villarrek aurreratu du rockaren eta letren arteko harremanaz mintzatuko dela Mariskal: “Horrelako hitzaldi baterako ez dago kanpora joan beharrik, oso aproposa da, idazlea izateaz gain musikari bezala ibili delako, letrista izan delako”.
Egitaraua
Gaur, ostirala
19:30. Martxel Mariskalen hitzaldia:
Let’s rock, baina zer eta nola esan. Kultur Etxean (Denda kalea).
Bihar, larunbata
11:00. Haurrentzako tailerra Santamariamadalena Arte Tailerraren eskutik. Jaialdirako apaingarriak egingo dituzte. Izena emateko 10:45ean agertu Apezpiku plazan.
12:00. Javi P3Z DJa, Apezpiku plazan.
14:00. Piknik bazkaria (paella), Kasino Zaharrean.
15:00. Atom Rhumba, Kasino Zaharrean. Sei urteko atsedenaren ondoren Bilboko talde mitikoa aurten itzuli da, Joseba Irazoki gitarrista beratarra gehitu zaielarik.
Automatically updated grabatu berri dute eta kantaren bat entzuteko aukera izango da bihar. Jaialdira berandu iristen denari damutuko zaio.
Atom Rhumba
16:30. The Cubical, Kasino Zaharrean. Garagea, psikodelia eta bluesa uztartzen dituzte. 2010ean rockzaleak txundituta utzi zituzten lehen diskoarekin.
Blood moon aurkeztera datoz, eta Liverpool Beatles baino gehiago dela erakustera.
The Cubical
18:00. Parpaing 2.2, Apezpiku plazan. Talde berria da, proposamen oso pertsonala, elektro-punketik eta garagetik gertu dagoena. Irailean
The Fist single harrigarria kaleratu zuten; ikustekoa izango da zuzenean.
Parpaing 2.2
19:00. Susi Quiu NYC Session DJa, Apezpiku plazan.
21:00. Alien Tango, Kasino Zaharrean.
Alberto Garcia Roca sortzaile valentziarraren azken proiektua, Fenomena biribiltzeko talde ezin hobea. Psikodelia ezaugarri nagusi izango duen jaialdiko proposamen
psikodelikoena, glamourrez jantzia. Dantzan egin nahi ez duena ere dantzan jarriko dute.
Alien Tango
22:30. El Gancho Sonidero DJa, Kasino Zaharrean.
Bazkaltzeko paella
Rock musika goizetik izango da Fenomena jaialdian, 12:00etan Javi P3Z DJa pintxatzen hasten denetik. Hori, eta Atom Rhumbaren kontzertua hiruretan izango dela kontuan izanik, biharko planik hoberena jaialdian bertan bazkaltzea izango da, Fenomena Kultur Elkarteak antolatu duen piknikean.
Bazkaria da aurtengo berritasunetako bat. Paella zerbitzatuko dute, haragizkoa edo barazkiekin egindakoa aukeran, bata zein bestea glutenik gabea. 10 euroan zerbitzatuko dute platera eta bihar bertan erosteko aukera izango da. Hori bai, antolatzaileek nahiago dute, aukera izanez gero, aldez aurretik tokiaren erreserba egitea. Txartelak Hondarribiko Alde Zaharreko hiru lekutan jarri dituzte salgai (Ttopara kafetegian, eta Etxeberria eta Petit Treme tabernetan).
Beste nobedadeetako bat taberna izango da, barra zerbitzua, rockzaleek eskertuko dutena. Izan ere, hainbat taberna daude jaialdiaren eremuan, baina iaz argi geratu zen ez dela nahikoa, eta ilarak sortu ziren. Aurten kontzertuen eremuan taberna jarriko dute, harresiaren ondoan. Komunak eta edukiontziak ere inguru horretan jarriko dituzte.
Jaialdirako jaioa, baina batez ere musikarako
Fenomena Kultur Elkartea dago Fenomena jaialdiaren atzetik. Iaz jaio zen, festibala antolatzeko propio, baina aurten beste bi musika festa antolatu dituzte, horiek ere egunez.
Kasino Zaharrean eta Apezpiku plazan egin zuten lehen Fenomena rock jaialdia, eta leku horietan errepikatuko du bigarrenak. Baina horrek ez du esan nahi hurrengo urteetarako hala mantenduko denik, Alde Zaharretik mugitzea aztertu ez dutenik. Ernesto Villar elkarteko kidearen hitzetan, jaialdiaren hazkundea modu egokian asimilatzeko beharragatik erabaki dute aurten iazko formatua berrestea: “Errepikatu dugu, baina edukia askoz ere osatuagoa da aurtengoa, eta iazko eremuan egiteak lagundu digu antolakuntzan, bestela eskuetatik joango zitzaigun”.
Iñaki Vazquez bat dator Villarrekin, eta elkartean aldaketak aztertu izan dituztela onartu du: “Egunez egitea bai, hori elkarteak oso argi du, baina lekua, formatua, urtetik urtera aztertuko dugu”. Jaialdiari lotuta sortu zen Fenomena Kultur Elkartea, jaialdia antolatzeko propio eratu zutela esan daiteke. Bigarren urtean biharko jardunaldia izango da ekintza nagusia ere, jaialdia, baina ez bakarra. Rock jaialdi handi guztiek aurkezpen jai bat behar dute aurretik, eta Fenomenakoek ez zuten gutxiago izan nahi.
Bat ez, bi aurkezpen festa izan ditu Fenomena 2017 jaialdiak, udaberrian bat eta udaran bestea. Maiatzaren 20an egin zuten lehena, eguerdian, Q Hondarribia dantzalekuko terrazan; Eenyankee DJak girotutako ekitaldia izan zen eta soul, rockabilly eta funky doinuak entzun zituzten batez ere. Bigarrena ere Q Lounge-n egin zuten, uztailaren 28an, egitarauaren berri emateko. Bistan denez, jaialdiaren filosofia bera errespetatuz antolatu zituzten aurkezpenak, rocka egunerako ere badela erakutsiz.