Gaurtik azaroaren 21era bitarte, Irungo atzerritarren integrazioari bultzada emateko programaren laugarren edizioa egingo dute.
CBA Kultur Gunea izango da bisita gidatuen lehen geltokietako bat.
Gaur, hilak 4, laugarren Ikusmira proiektuari hasiera eman diote. Urteko lehen seihilekoan Irunen erroldatutako atzerritarrei bideratutako programa da, hirian duten integrazioari bultzada emateko. Programa doakoa da.
Proiektua gaurtik azaroaren 21era bitarte gauzatuko dute, asteazkenetan, 9:30etatik 11:30etara. Zazpi jarduera ezberdin antolatu dituzte eta gizarte eta kultura talde baten bitartekotzarekin egingo dute. Ondorengoak dira, datozen hilabeteetan egingo dituzten jarduerak:
- Irungo Udalean, Biztanlearen Arreta Zerbitzuan, Gizarte Ongizate departamenduan, CBA Kultur Gunean, gazteen Informazio Bulegoan (Igazte), Euskara zerbitzuan, Gaztelekuan edota ludoteketan bisita gidatuak.
- Esperientzia migratzaileen tailerra.
- Oiasso Museora, Irugurutzetako meategira eta Plaiaundira bisita gidatuak.
Proiektuaren jardueren %80an parte hartuko duten hiritarrek diploma bana jasoko dute. BAZ bulegoan edota 010 telefono zenbakian izena eman beharko dute interesdunek.