Kataluniako herriak abian duen prozesuari, eta urriaren 1eko galdeketari babesa azaldu diote epaitegiaren aurrean hainbat irundarrek.

Elkarretaratzean bildu direnen irudia.
Irungo epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egin dute hainbat irundarrek gaur. Mobilizazioaren helburua izan da Katalunian abian duten prozesuari babesa ematea, tartean urriaren 1erako antolatu duten herri galdeketari sostengua adieraziz. “Prozesu demokratikoak auzitegien bitartez gelditzen saiatzen ari dira, baina argi eta garbi izan beharko lukete errepresioaren bidez ezingo dituztela herritarrek abian jarritako prozesuak gelditu”, adierazi dute antolatzaileek.
Herri katalanak autodeterminaziorako duen eskubidea “Espainiako Estatuak ukatu” egin duela adierazi dute gaurkoan, “arazoaren izaera demokratikoa da, eta berriz ere, agerian gelditzen ari da estatuak demokraziarekin arazo bat duela. Ez al da demokratikoa jendeak bere estatus politikoa erabaki ahal izatea?”.
Alta, Espainiako Estatua galdeketaren ingurukoei ematen ari zaien erantzuna (bozka paperen bahitzea, alkateei zabaldutako auzi bidea, hedabideen kontrako jazarpena…) deitoratu egin dituzte Irunen bildu direnek, “legea euren alde dute, baina zilegitasuna, ordea, herritarrei euren etorkizun politikoaz galdetzen dietenen alde dago, zilegitasuna herri katalanarena da. Espero dezagun euskaldunok, albait lasterren, eskubide zilegi hori gauzatzea”.
Prozesu demokratikoak auzitegien bidez ezin direla gelditu nabarmendu dute deitzaileek, “errepresioaren bitartez ezingo dituzte herritarrek abian jarritako prozesuak gelditu”. Zentzu horretan, Eskozia eta Erresuma Batuaren artean, edo Quebec eta Kanadaren artean izandako “adostutako galdeketak” oroitarazi dituzte.