Irungo Alde Zaharrak hirigintza metamorfosia izaten ari da azken urteetan. Horren, eta Uranzuko egitasmoaren berri emateko, panelak jarri dituzte kalean.
Santano eta Laborda, azalpen panelak ikuskatzen.
Irungo Alde Zaharraren eraldatzea hobeto irudikatzeko kaleko erakusketa jarri dute Junkal kalearen eta Urdanibia plazaren artean. Batez ere, Uranzu pilotalekuaren birmoldaketaren azalpen grafikoa da bertan ikus daitekeena: 4,4 milioiko aurrekontuarekin, guztiz eraberrituko dute frontoi historikoa.
Gaur bisitatu dituzte erakusketako panelak Jose Antonio Santano alkateak eta Cristina Laborda Mugikortasun, Hiri Bide eta Lan ordezkariak. Alkateak nabarmendu du azken urteetan Urdanibia-San Martzial-San Juan ardartzean hirigintza eta berritze lanak egin dituztela, eta horiek 2009an izan zutela abiapuntu: 2009an San Juan berritu zuten, 2015ko erdialdean Urdanibia berriaz goza zitekeen, eta jada San Martzial kalea biziberritzeko lanak amaitzear daude.
“Zortzi urteko lanen ondoren, Alde Zaharrean eta bere historian mugarria ezarri dugu lan horiekin. Baina ez gara horretan geldituko, jarraituko dugu”, adierazi du alkateak, segida Uranzuren berritzea dela esanez.