Irun eta Donostia arteko trenbide eremuan eraikitzen ari diren hirugarren hariaren lanen harira, Irungo Si Se Puede taldeak bestelako garraiobide publiko zerbitzuak abian jartzeko eskaera luzatu dio Renferi, "kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzeko".
Hiriko trenbidearen irudia.
Irun eta Donostia arteko trenbide eremuan eraikitzen ari diren hirugarren hariaren lanak egiten ari diren bitartean, Irungo Si Se Puede taldeak bestelako garraiobide publiko zerbitzuak abian jartzeko eskaera luzatu dio Renferi, “kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzeko”. Lan horiek, tren zerbitzua erabiltzen duten pertsonen artean “kalteak sortzen” dituela salatu dute.
Taldeko zinegotziak Adif eta Renfe enpresetako langileekin bildu dira Irun eta Donostia arteko hirugarren burdinbidearen inguruan hitz egiteko. Sortu diren arazoen artean, aldiriko trenak eta distantzia ertain zein luzeetako 60 tren kendu dituztela aipatu dute. Horrek guztiak, “garraiobideari lehiakortasuna kentzen” diola salatu dute.
SPI-ren ustez, “erakunde publikoek erraztasunak eman behar dituzte garraio publikoa erabiltzeko”, egun, trena erabiltzen duten “ohiko bidaiariek autoaren aldeko apustua” egiten ari direlako, “irtenbiderik ez dagoelako”. “Etengabeko autobus zerbitzua ezartzeko” aukera bazegoela nabarmendu dute, “funtzionamenduan duten eragina ahalik eta gehien murrizteko”. Gainera, ikasle eta langileentzat “Donostiarainoko joan-etorriko autobusak eskura jartzeko” eskaera luzatu diote Renferi. Egoera horrek, apiriletik, herritarrentzat trenbidezko konexiorik ez izatera eraman duela salatu dute.