Dies Oiassonis jaialdiaren barruan, Erroma zaharreko sukaldaritza ohiturak ezagutzeko aukera izango da. Eta noski, bapo jateko.
Gaur aurkeztu dute Dies Oiassonisen barruko gastronomia eskaintza.
Azken urteetan bezala,
Dies Oiassonis Erromatar Jaialdiarekin lotuta, ondo jateko aukerak areagotuko dira Irunen. Jaialdia hilaren 14tik 16ra da, baina aurretik gastronomiarekin lotuta hainbat jarduera egongo dira. Gaur aurkeztu dituzte udaleko, Oiassoko eta Irun Dastatu iniziatiban daudenek. Oinarria, Erromatarren garaian jatorria duten zapore eta errezetak.
Hasteko, hilaren 7tik 16ra, hiriko hogeita hamar bat taberna eta jatetxetan Erromako erara prestatutako pintxoak dastatzera emango dituzte, 1,50 euroan. Pintxo horiek dituzten establezimenduek propio eskaintza hori adierazteko kartela izango dute jarrita. San Juan, Alde Zaharra, Zabaltza plaza edo Luis Mariano inguruan egongo dira taberna eta jatetxe horiek. Baina berritasunetako bat da Pio XII inguruan ere izango direla pintxoen iniziatibarekin bat egin duten establezimenduak.
Afari bereziak ere izango dira Dies Oiassonisekin lotuta. Horietako bat, hilaren 14an. Eramateko otordua izango da, take away erakoa. Oiasso Museoaren atarian eskuratzeko aukera izango da, egun horretarako prestatu duten antzerkiaren aurretik (22:30ean da antzerkia). Irungo Atsegiña, Antxon, Atalaia eta Fabrica de Migas jatetxeetako sukaldariek prestatua izango da (hiru plater eta postrea), eta 20 euroko prezioa izango du. Oiasso inguruan afariaz gozatzeko gunea jarriko dute (30 plazakoa; afari gehiago emango dituzte). Tiketak Turismo Bulegoan hartu behar dira datozen egunetan.
Tailerrak
Jan bakarrik ez. Sukaldatu ere. Horretan aritzeko tailerrak prestatu dituzte Dies Oiassonisen bultzatzaileek, Irun Dastaturen bidez. Tailer horietan izena Turismo Bulegoan eman behar da (plazek muga dute). Turismo Bulegoa ere Dies Oiassoniserako propio apaindu dute.
Honakoak dira tailerrak:
- Hilaren 13an (osteguna), 19:00etan eta Aldapa elkartean, Felix Mansok Erromako sukaldaritza tailerra egingo du, udako jakiak oinarri. Irekia da. Egindakoa etxera eraman ahal izango dute partaideek.
- Hilaren 14an (ostirala), 19:00etan eta Oiassoren atarian, ardo kata egingo dute Miguel Salasen eskutik. Iberiar Penintsulan erromatarren garaian zeuden ardoen berri emateko tailerra da.
- Hilaren 15ean (larunbata), 11:30ean, David Rodriguezek erromatarren teknika eta osagaiekin pintxoak egiteko tailerra bideratuko du Oiasson.
- Hilaren 15ean ere, baina 13:00etan, Ola sagardotegiko kideen eta Iñaki Bengoetxearen eskutik sagardo kata egingo dute Oiasson ere.
- Hilaren 15ean, 17:00etan, Papperino izozki dendako Yon Gallardok haurrentzako izozki tailerra egingo du.
- Hilaren 16an (igandea), 12:00etan eta Oiasso inguruan, ogia Erromako erara egiteko tailerra egingo dute, Amona Margarita okindegiko kideen azalpenekin.