Urrian autokarabanen gaia arautzea erabaki zuen Udalbatzak, baina oraindik ez du egin. Aste Santutik 200etik gora bildu dira astebururo hondartzan.
Hondartza auzoko TAO zerbitzua martxan jarri zuten joan den astean eta horrek aldaketa batzuk eragin ditu. Nabarmena, noski, eremu horretan aparkatzeko txartela ez dutenek Foru kalean, Ramon Iribarren pasealekuan, eta futbol zelai inguruko nahiz hondartzako aparkalekutan ordaindu beharko dutela.
Hondartzako aparkalekua egun osoko zerbitzua da, 24 orduz ordaindu behar da; gainontzeko eremuetan, 10:00etatik 20:00etara arautua dago, Portuan eta Bentan bezala.
Orotara, 1.600 aparkatzeko leku daude Hondartza auzoan, eta abuztuaren 31ra arte egongo da martxan horietan aparkatzeko TAO zerbitzua. Aparkatze araudiarekin zalantzaren bat duenak, BAZ bulegoan, udaltzaingoan, edota 943 11 13 13 telefonoan galde dezake.
Autokarabanak herri aldera
TAO zerbitzua martxan jartzeak eragin duen beste ondorio bat, autokarabanak hondartzako aparkalekutik desagertzea izan da.
Iazko urrian araudi bat lantzeko konpromisoa hartu zuten udal talde guztiek aho batez baina, bistan denez, ez dituzte etxeko lanak egin. Ez araudirik, ez seinalerik, ez oharrik, eta autokarabanak noraezean.
Aste Santuan, zetorrena ikusita, aurreko urteetan itxita egon den eremua zabaldu zuten, BMX zirkuitu ondoan dagoena, eta bertan izan dira ordutik orain arteko asteburuetan dozenaka autokarabana, ordaindu gabe, baina zerbitzurik jaso gabe ere. Eremu horretan 80 inguru sartzen dira, eta orotara, 200etik gora autokarabana elkartu ziren maiatzeko bigarren hamabostaldiko asteburu bakoitzean Hondartza auzoan.
Udalbatzak autokarabanak arautzea onartu zuenean, leku hori egokiena zela iritzi zuten, eta Jaurlaritzari baimena berriro eskatzea adostu zuten, aurreko urteetan ez baitzuen baimenik eman leku hori erabiltzeko. Nonbait, aurten baimena eman dute, baina autoentzako erabiliko dute, hondartzako aparkaleku kopurua handitzeko.
Hondartzatik kanporatuak izan eta gero, herriko beste lekuetan bilatuko dute lekua autokarabanek. Gaur (asteazkena) goizean, hemeretzi ibilgailu eta zazpi autobus zeuden aparkatuta Ttarrattenea-Biterin, eta pentsatzekoa da Erdi Aroko azokako astebururako askoz gehiago etorriko direla. Aurreko urteetan ere hala gertatu da, baina aurten egoerak okerrera egin dezake, aste batzuez hondartzan aparkatzen utzi zaielako, eta ziurrenik aurrerantzean ere utziko zaiela usteko dute gehienek.
Aste Santutik dozenaka autokarabana elkartu dira BMX zirkuitu ondoan.