Gurpil gaineko etxeak, egunez bakarrik
Udalaren eta Portu Zuzendaritzaren arteko hitzarmenak lotarako lekurik gabe utzi ditu Hondarribira iristen diren etxe ibiltariak. Konponbide bila ari dira.
Indarrean dagoen hitzarmen horrek zehazten du udalak kudeatuko dituela Benta zaharreko aparkalekua —Portua auzoan—, eta Hondartza auzokoak, autokarabanek gehien erabiltzen dituztenak, hareatza parekoa eta kirol gunearen atzealdekoa. Hala, udan ordainpeko aparkatzeko zerbitzua eskaintzen du udalak bertan. Jaien ondoren libre da sartzea, baina hitzarmenak indarrean jarraitzen du, eta bertan idatzita dago autokarabanek aparkaleku horiek utzi behar dituztela gauetan. Alkateak erantsi duenez, “Portu Zuzendaritzak agindu hori betearazteko” eskatu zien. Aparkatu bai, kanpatu ez Gaia denen ahotan dago, eta urriko ohiko osoko bilkurara iritsi zen. Abotsanitz oposizioko lehen taldeak autokarabanak arautzeko mozioa aurkeztu zuen, arazoei soluzioa emateko, batetik, eta herrian dagoen hutsunea betetzeko, bestetik. Igor Enparanen hitzetan, “azken urteetan asko handitu da autokarabanen kopurua, baina ez dago udal mailako araudirik, ezta eskaintzeko zerbitzurik ere”. Osoko bilkuran azaldu zuenez, “bi legek zehazten dituzte autokarabanen eskubide eta betebeharrak: zirkulazio legeak, estatu mailakoak, eta EAEko turismo legeak. Biek diote autokarabanek edozein autok bezala aparkatzeko eskubidea dutela, betiere, kanpatzen ez badute, hau da, azpiegitura zabaltzen ez badute”. Nonbait, Portu Zuzendaritzan ere ohartu dira horretaz, eta Sagarzazu alkateak osoko bilkuran jakinarazi zuen hitzarmena berritzeko helarazi berri dieten proposamenean jada ez dela gaua egiteko debekua azaltzen. Horrek aukera emango die autokarabanei udazkenean eta neguan Hondartzan ezartzeko, baina udalak gehiago egin behar duela uste du Enparanek: “Ezinbestekoa da eremu bat zehaztea, denentzat egokia dena, eta bertan gutxieneko zerbitzuak eskaintzea, biltegiak betetzeko ura, edukiontziak, eta abar”. Mozioa aho batez onartuta, Hondarribiko udalbatza osoak onartu zuen herrian autokarabanentzako udal araudia behar dutela, eta Aste Santurako neurri batzuk behintzat hartzeko konpromisoa hartu zuten. EH Bilduren ustez, beste kokaleku batzuk ere aztertu behar dira, mendialdea, esaterako: “Agian ez dugu dena hondartzara bideratu behar, agian beste kokagune batzuk aztertu behar dira, denek ez dutelako hondartza aukeratzen”, nabarmendu zuen koalizioko Lore Erriondok. Nolanahi ere, herrian dagoen aparkatzeko leku eskasiagatik, eta autokarabana zale gehienek hala nahi dutela erakutsi dutelako, inork ez du zalantzan jartzen Hondartza auzoan zerbitzu gune bat egon beharko lukeela. Egun bada eremu bat, 170 auto aparkatzeko egokitua dagoena eta orain itxita dagoena. Alkateak gaineratu duenez, behin baino gehiagotan eskatu zaio Jaurlaritzari eremu hori: “Baina ezetz esan digute orain arte”. Hori bai, alderdi guztiek elkarrekin abiatutako bidea berriro eskaria egiteko aitzakia ona dela uste du alkateak.“Ez dut ulertzen zer dela-eta ez dieten uzten gauez geratzen; ez da beste inor egoten, hutsa egoten da aparkalekua”. Hodei Santamaria, Basque tabernako arduraduna
Basque tabernako arduradunaren iritziz, araudi bat onartzea eta zerbitzu gune bat moldatzea, autokarabana zaleentzat ez ezik, herriarentzat ere “oso albiste ona” litzateke: “Jendeak pentsa dezake ez dutela dirurik uzten, baina ez da horrela, gutxien uzten duenak ogia eta egunkaria erosten du, eta guk asko nabaritu dugu autokarabanen booma”. Azken urteetan asko hazten ari da Hondarribia autokarabanan bisitatzen dutenen kopurua.“Autokarabanek edozein ibilgailuk bezala aparkatzeko eskubidea dute, kanpatzen ez badute”. Igor Enparan, Abotsanitz taldeko bozeramalea