Uranzu berriaren xehetasunak eman ditu gaur Irungo Udalak. Erakin bakarrean hainbat azpiegitura bilduko ditu, sarrera nagusia Sargian izanik.
Sarbide nagusia Sargia parketik izango du Uranzu berriak.
Irungo Uranzu pilotalekua berritzeko egitasmoa mahaiaren gainean dago. Baina pilotalekua bakarrik ez, inguru guztia berrituko dute. Horretarako 4,5 milioi euroko aurrekontua erabiliko dute. Urdanibia plaza berrituarekin, San Martzial kale berriarekin, eta Sargia parke berrituarekin bat egingo du frontoiak.
Udalak azpiegitura berritua noiz izango den erabilgarri esaterik ez du izan, obra egiteko esleipen prozesua ez delako abiatu oraindik (abiatzear da), eta Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Sailak oniritzia eman behar diolako proiektuari. Baina egitasmoa, badago.
Honakoak dira Uranzu berriaren hainbat ezaugarri:
- Eraikitako lur eremua 4.163,23 metro koadrokoa izango da, eta hiru solairu izango ditu azpiegitura berriak. Eraikin bakarra izango du, hau da, frontoi txikia ere egituraren barruan egongo da.
- Sarbide nagusia Sargia parketik izango du.
- Harmailen zati bat jasotzen diren horietakoa izango da. Pilota partidetan izango ditu eserleku gehien Uranzuk, 727 orotara. Eskubaloi partidetarako txikiagoa izango da edukiera. Kantxaren azalera, behin harmailak jasota, 19,85 metro zabal eta 43 luzekoa izango da.
- Ondoko pilotaleku txikia mantenduko dute, Juncal kaletik izango du sarrera. Eraikin nagusian integratuta joango da.
- Harmailez, aldagelez, komunez edo biltegiez gain, askotariko erabilerarako lau areto izango ditu.
- San Martzial kale berriarekin integratuta egongo da egitasmoa, baita Sargia parke berriarekin ere (udan bukatuko dira bertako lanak).
- Egitasmoan genero ikuspegia kontuan hartu dute, puntu ilunak ezabatuz.
Pilota partidetarako 727 eserlekuko edukiera izango du.
Uranzu berriaren xehetasunak Cristina Laborda Lan eta Bide ordezkariak eman ditu gaur. Ingurunearekin integratuta joango dela adierazgarritzat eman du, eta hiriarentzako instalazio “moderno, irisgarri eta balioanitza” izango dela.
Nabarmendu du ekipamenduan argitasuna izango dela ezaugarrietako bat, beirazko paretetatik edo sabaietik argia sar dadin moduko materialak erabiliko dituztelako. Kolorean, zuria izango da nagusi.
Egitasmoaren plano eta infografiak Urdanibia plazan jarriko dituzte, herritarrek bere egin dezaten egitasmoa. Izan ere, Labordak aipatu du kirol elkarte nahiz inguruko bizilagunekin egitasmoa konpartitu dutela, “eta haien ekarpenak jaso, eta behin betiko proiektuan txertatu ditugu”.