Hurrengo udararako Irungo Marte Sorkuntza Laborategiak, etxeko txikiei zuzendua, hainbat tailer antolatu ditu.
Ainara Oskoz eta Miren Gonzalez Goikoetxea, Marte Sorkuntza Laborategiko kideak.
Hurrengo udararako Irungo Marte Sorkuntza Laborategiak hainbat tailer antolatu ditu. Udako arte tailerrak izango dira, “sormena eta irudimena lantzeko, gozatzeko, elkarlanean ibiltzeko”. Etxeko txikienak protagonistak bilakatuko dira, norberaren proiektu pertsonalak garatu ahal izateko.
Ainara Oskoz margolari eta eskultorea, Miren Gonzalez eskultorearekin batera, aurten Marte Sorkuntza Laborategia jarri dute martxan Irunen. Uztaila eta abuztua bitartean gauzatuko dituzten tailerrak, 3tik 12 urte bitarteko haurrei zuzenduak dira. Uztaileko tailerrak 3tik 28ra egingo dituzte; abuztukoak, berriz, 1etik 31era.
Tailerretan parte hartu ahal izateko, astero 60 euroko ordainketa egin beharko dute interesatutako gurasoek. Irungo Virginia Milagrosa kalean kokatzen da Marte laborategia. Informazio gehiago, 943 05 56 69 telefono zenbakira deituz eskuragarri izango dute herritarrek.