Hamazazpi eraikinetan antzeman dute termiten presentzia. Ekintza Planaren barruan, bost urteko tratamendua egingo dute.
Xabier Iridoy zinegotzia, Larretxipi kalean, azalpenak ematen.
Irungo Alde Zaharrean termiten izurritea ezabatzeko Ekintza Plana aurkeztu dute. Amuen bidez egingo da tratamendua, fokuetara iristeko aukera badagoelako. Inoiz termitak egon diren lekuetan, nahiz izurria sortzeko arriskua dagoen eremuetan egingo dute lanketa. Laster hasiko dira zeregin horretan, eta prozesuak bost urtez iraungo du.
Lau foku antzeman dituzte Alde Zaharrean, Korrokoitz kalearen atzealdean, Papinean, Larretxipi eta Peña kaleen inguruan, era Kontrakale-Eguzkitzan. Hau da, ikertutako eraikin guztietatik (105 denera), 17tan ikusi ahal izan da termiten erasoren bat izan dela. Aztertutako 105 eraikinetatik 96k zuten egurrezko egitura osoa, edo zati bat. Termitak batez ere Korrokoitz kalearen atzealdean aurkitu ziren.
Termitak ezabatzeko lanak esleitzeko prozesua abiatu du jada Irungo Udalak. Bost enpresa aurkeztu dira lehiaketara. Horietatik baldintzarik onenak eskaini dituena Rentokil Initial España SA izan da, 48.642 euroan egingo ditu lan horiek.
Herritarrek, berritasun modura, prozesuaren jarraipena egiteko aukera izango dute. Enpresak webgunea jarriko du horretarako.
Gaiari buruz informazio gehiago nahi duenak
Irungo Udalaren webgunera jo dezake. Gaur jakinarazi du Xabier Iridoy Hirigintza eta Etxebizitza Arloko zinegotziak zer landu duten, besteak beste, Ekintza Plana aurkeztuz.
2016tik lanean
Termiten gaia ez da berria. Horiek zeudela jakiteko, azterketa agindu zuen udalak 2016an, iazko maiatzeko hiru egunetan egin ziren azterketa horiek. Hori izan zen programaren lehen fasea; bigarrena da Ekintza Plana.
Udalak zehaztu du, termitak ezabatzeko asmoa dauden eraikinek ez dutela egiturazko arazorik. Hortaz, horien presentzia izan denetan eragingo dute, eta etorkizunean termitak egoteko aukera dagoen eraikinetan ere eragingo dute.