Ostiraletik igandera egingo dute Caravantur azoka Ficoba erakustazokan. Autokarabana, camper eta gisa horretako ibilgailuak erosi edo alokatzeko aukera izango da.

Karabana berri eta zaharrak eros edo aloka daitezke Ficoban.
Ostiraletik igandera
Caravantur azoka egingo dute Ficoba erakustazokako 2. eta 3. pabiloietan. Caravaning, camper eta furgoneta azoka da, hau da, bidaiatzeko lau gurpileko etxebizitzen azoka. Ostiralean zabalduko dute, eta igandean itxi. Ordutegiak honakoak dira:
- Hilak 12, ostirala: 16:00etatik 20:00etara.
- Hilaren 13an eta 14an (larunbatean eta igandean), 10:00etatik 20:00etara.
- Sarrera eta parkina doan da.
Karabanak, kanper eta furgoneta aukera zabala izango da bertan (20 markatik gora izango dira bertan, euren ibilgailu eta osagarriekin). Horiek erosteko, nahiz alokatzeko aukera ere egongo da, eta berriak nahiz erabiliak egongo dira. Kanperizatu daitezkeen furgonetak ere egongo dira, hau da, etxebizitza ibiltari izateko presta daitezkeenak, izan ere, joera hori indar handia hartzen ari da azken boladan.
Pizgarri bat ere badu azokak. Bertara joaten direnen artean 600 euroko bono baten zozketa egingo da. Bono hori erosketak egiteko edo ibilgailuak alokatzeko erabili ahal izango da.
Ficoban egongo diren marketako batzuk, ondorengoak: Dreamer, Elios, Ford, Giottiline, Globecar, Itineo, Mclouis, Mcrent, Mercedes-Benz, Opel, Pla, Plasy, Rapido Autocaravanas, Renault Road Car, Soller Team, Sunlight edo Westfalia.