Datorren hilaren 28an, 19. aldiz Alardealdia egingo dute Irungo kaleetan.
Gaur aurkeztu dute 19. Alardealdia Urdanibia plazan.
Datorren hilaren 28an, 19. Alardealdia egingo dute Irunen. Gaur goizean, urtero bezala, San Pedro eta San Martzial jaien atari den ekitaldia aurkeztu dute, eta egunerako programa zabala prestatu dute, gazte eta helduei zuzendua.
Alardealdiaren irteera Santa Elena kaletik izango da, 09:00etan. Blaia ibilbidetik Aldabe baserri ingurura igoko da ondoren, Meakara jaitsi eta Ibarrola ibilbidetik Ibarburura joan eta Larreaundi auzora iristeko. Orduan, Virgen Milagrosa kalea hartu eta Urdanibia plazara iritsiko dira. Ibilbide guztian zehar, trikitilariak, txistulariak, dantzariak eta txarangak izango dira giroa alaitzen. Urtero bezala, txu-txu trenean ere ibilbidea egiteko aukera izango dute irundarrek. Gainera, etxeko txikientzat, puzgarriak eta jolasak izango dira Larrreaundin, marrazketa eta makillaje tailerrez gain. Egun guztian zehar jatekoa eta edatekoa eskura izango dute parte hartzaileek, herriko leku esanguratsuenetan kokatuko dituzten postuetan.
Txikiei eguna atseginagoa egiteko asmoz, gune bakoitzean galdera bat erantzunez egin dezaketen Bidelagun pasaportea betetzeko aukera izango dute, geroago, denen artean, Ipod bat zozketatzeko. Goizeko egitarauen ostean, 14:30ean, Ficoban herri bazkaria antolatu dute. Helduek txartela 20 euroren truke eskuratzeko aukera izango dute. 14 urte beherakoek, berriz, 10 euroko sarrera dute. Arratsaldean, Ficoban, haurrentzako
minimoto erakusketa, zezen mekanikoa eta musika saioak eskainiko dituzte.
Aurtengo Alardealdiaren xingola Gazte-Landetxa taldeko kideek moztuko dute, azken urteetan emandako laguntza txalotzeko. Lortutako diru guztia, Alarde pribatua finantzatzeko bideratuko da, emakumeak soldadu bezala desfilatzen onartzen ez dituena.