LAB sindikatuak autobusak antolatu ditu Langileen Egunean Bilbon egingo den mobilizaziora Oarso Bidasoko herritarrak joan daitezen.

Aurreko Maiatzaren Lehen batean LABek Irunen egindako mobilizazioa.
LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenerako mobilizazioak Baionan, Iruñean eta Bilbon egingo ditu. Oarso Bidasoko LABek, herritarrak Bilbora joatera deitu ditu, bertan maiatzeko lehen egunean (astelehena da) 12:00etan Zabalburu plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera.
Hara joateko autobusak antolatu ditu sindikatu subiranistak. Horietan izena emateko zerrendak Hazian (Irun), Amazkarren (Oiartzun), Landaren (Errenteria-Orereta) eta Mimosen (Antxo) daude. LABen egoitzara deituta ere lor daiteke Bilbora joateko autobusetan plaza: 943 34 45 41 eta 943 62 47 14.
Autobusek herriz herri jasoko dituzte deialdiarekin bat egin dutenak Maiatzaren Lehenean, honako ordutegiarekin:
- 09:45ean, Irungo San Juan plazatik aterako da autobusa.
- 10:00etan, Oiartzungo eliza parean izango da autobusa.
- 10:00etan, Errenteria-Oreretako Panierreko zubian jasoko ditu errenteriarrak.
- 10:15ean, Antxoko frontoi berriaren ondoko biribilgunean jasoko ditu pasaitarrak, handik Bilborantz joateko.
Sindikatuaren arabera, testuinguru politiko berezian dator aurtengo Maiatzaren Lehena, “garai berri bati ateak irekitzeko aukerak dauden testuinguruan hain zuzen ere. Baina bada arriskuzko garaia ere, PNV-PSE-PP elite ekonomikoarentzako kudeaketa ahalbidetzeko estatus berri baten negoziazio garaia”.
Horregatik, aurtengo Langileen Eguna “herri eta klase borroka indartzeko” erabili nahi du LABek, “1978ko iruzurra berriz ere egin ez dezaten borrokatzeko. Mobilizazioa ezinbestekoa dugu burujabetza prozesua behar bezala gara dadin. Instituzioak aldaketa politiko eta sozialaren aldeko lerrokatzeko mobilizatu behar gara”.