Joan den martxoaren 24ean Jose Antonio Santano alkateak, Zubietako eremuko instalazio berriak bideragarriak ez balira, beharrezko "B Plan" baten inguruko galderari egindako erantzuna salatu dute Bidasoaldeako Lagunak elkartetik.
Plaiaundiko kirol instalazioak lekuz aldatzeko B Plan baten beharra ikusi dute Bidasoaldeako Lagunak elkartetik.
Gaur egungo Plaiaundiko kirol instalazioak Zubietako kirol eremu berrira eramateko lanak aurkeztu zituen bere garaian Irungo Udalak. Joan den martxoaren 24ean Jose Antonio Santano alkateak, Zubietako eremuko instalazio berriak bideragarriak ez balira, beharrezko “B Plan” baten inguruko galderari emandako erantzuna salatu du Bidasoaldeako Lagunak elkarteak. Zubietako instalazioak ezarritako epe luzeenean egiteko zalantzak direla eta, Txingudiko Plan Zuzentzailean aipatzen den “B Plana” martxan jartzeko beharraren inguruan galdetu zioten alkateari.
Alkatearen erantzunak “susmo guztiak baieztatu” dituela esan dute Bidasoaldeko Lagunak-etik. Haien hitzetan, Zubietako lanak “hain poliki” doaz, “2019rako atletismo eta errugbi zelai berriak eskaintzeko” arazoak izango direla. Gainera, alkateak, adierazpen horietan, moteltasun hori udaletik kanpoko instituzioen erantzukizuna dela esan zuen. Horregatik, alkateak “azkarragoa eta errazagoa izan daitekeen beste eremu batean lanak” egiteko apustua egin duela argudiatu dute elkartetik.
“Ekologistak eta kontserbazionistak garen heinean, ez dugu norbanakoen interesen alde egiten, interes orokorren alde baizik”, esan dute elkartetik. Gainera, “araudi eta ingurumen legea” betet dadila ere exijitu dute. “Alarmistak garela baieztatzea” bidegabea dela aipatu dute, eta haiei “kasurik egin nahi ez izatea” leporatu diote Santanori.
2019rako Europatik exijituko dute Plaiaundiko eremua “sistema ekologiko funtzionala” izatea. Horretarako, elkartea, “0 alternatiba” baten aurrean geratzen direla argudiatu dute.