Beste urrats bat eman du igoera fasea jokatzeko. Datorren larunbatean etxean jokatuko dute hondarribiarrek, Errioxako San Antonioren kontra.
Hondarribia Ikasbasket taldeak garaipen erraza lortu zuen asteburuan Gasteizen, ez jaisteko borrokan dabilen Araba Bolsa Generosa taldearen kontra (29-56). Hasieratik erakutsi zuten hondarribiarrek ez zutela ezustekorik nahi, eta lehen laurdenean 4-18ko emaitza lortu zuten. Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka tartea handitzen joan ziren, 27ko errenta lortu arte.
Garaipenarekin, sailkapeneko goiko aldean jarraitzen du Ikasbasket taldeak, eta ia ziurtatuta dauka Lehen Euskal Ligarako igoera fasea jokatzea. Zuzenean igotzeko aukera baztertuta —lehenengoa igoko da zuzenean—, hurrengo lauren artean geratzea da helburua, eta lau partiden faltan, hiru garaipenera dago seigarrena (
ikusi sailkapena).
Hurrengo larunbatean San Antonioren kontra jokatuko du Ikasbasketek, 19:30ean, Hondartza kiroldegian. Pradejon herriko taldea zortzigarren dago sailkapenean eta, teorian, sorpresa handia litzateke Hondarribian irabazteko gai izatea. Errioxan, 34 puntugatik irabazi zuen Ikasbasketek. Garaipena etxean geratuko balitz, lauko finala jokatzeko txartela poltsikoan izango lukete Ganix Mironen neskek.
Lehen urtea du Ikasbasket taldeak Bigarren Euskal Ligan