Hondarribiko hamahiru jatetxe elkartu dira errefuxiatuen aldeko bazkari solidarioa prestatzeko. Apirilaren 22an egingo dute, Ardoran, 350 lagunentzat.
Ardoran bertan egin zuten bazkariaren aurkezpena
Hondarribiko hamahiru jatetxek indarrak batu dituzte Greziako errefuxiatuen aldeko bazkari bat prestatzeko. Apirilaren 22an egingo dute,
Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak 400 dohaintza inguru zozketatuko dituen egun berean. Ostiralean aurkeztu zuten ekitaldia Ardora jatetxean, bazkari solidario erraldoia jasoko duen establezimenduan.
Ideia Josema Nogerasek (Klink Elkartea) eta Bixente Muñozek (Sugarri-Gran Sol) izan zuten udazkenean, baina Hondarribia-Katsikas elkartearekin partekatzerakoan hasi zen forma hartzen. Ostalaritza Elkartera zabaldu zutenean, orduan errealitate bilakatu zela azaldu zuen Nogerasek: “Klinken urteko bigarren bazkari solidarioa izan zitekeen, baina ez da, herriko ostalariena da, eta gehiago esango nuke, herri osoarena da. Hondarribia-Katsikasek herri osoa inplikatu du bere zozketarako, eta herriko ostalaritzak eredu bera jarraitu nahi izan du bazkarirako”.
Hala, Ardoraz gain, El Curry Verde, Guadalupeko kantina, Arrantzaleen Hermandadea, Abarka, Sardara, Arroka Berri, Ignacio, Lekuona, Itsaspe, Beko-Errota, Gran Sol eta Enbata jatetxeak elkartu dira apirilaren 22ko bazkari solidarioa prestatzeko, Hondarribiko Ostalaritza Elkarteko dozenaka sukaldari eta zerbitzari. Inork ez du egun horretan kobratuko, ez beraiek, ezta banatzaileek ere, menu bakoitzaren 35 euroak oso-osorik Hondarribia-Katsikasek udazkenean Grezian abiatuko duen proiektura bideratu daitezen.
Menua, parte hartzen duten jatetxeen plater adierazgarriekin osatu dute, eta tokiko produktuen presentzia handiarekin, lurrekoan nahiz itsasokoak (
ikusi menua). “Menuak 35 euro baino askoz gehiago balio du”, adierazi zuen Nogerasek, baina bazkari herrikoia egin nahi zutela gaineratu zuen.
Txartelak lortzeko modu bakarra dago, Internetez (txartelak erosi). Ostalaritza Elkarteko arduradun Juancar Ayerbek nabarmendu zuenez, salmentan komisiorik ez egotea lortu dute (
txartelak erosi). Gainera, nahi
‘0’ ilara sortu dute, bazkarira joaterik ez duenak edo gehiago eman nahi duenak, ekarpena egin dezan.
Erantzunarekin hunkituta
Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeko presidente Mari Jose Aseginolazak eskerrak eman zizkien ostalariei eta babesleei ideiagatik eta egin duten esfortzuagatik: “Haien hitzetan xinplea ematen du antolatu dutena, baina sekulakoa da”. Eta adibide bezala Ardorako Ana Loyolari laguntza eskatu ziotenekoa jarri zuen: “Agenda ireki, zerbait idatzi eta esan zidan, ‘listo, apirilaren 28a jatetxea zuentzat’. Eta nik esan nion, ‘ze pena, 22an dugulako zozketa’, eta buelta eman zuen, sukaldean sartu zen, eta handik bi minutura atera zen agendarekin, ‘konponduta, 22an’ esanez. Txundituta utzi ninduen”.
Baina Loyolak ez zuen zalantzarik eduki: “Ideiarekin etorri zirenean ez nuen bitan pentsatu, lan handia egiten ari dira eta nik laguntzeko modua hau zen, jatetxea uztea”. Nogerasen ustez, errefuxiatuen aldeko bazkarirako aurkitu zezaketen aukerarik onena da Ardora, “leku zoragarria izateaz gain, bazkari gehien eman ditzakeen herriko jatetxea delako”.
Hamahiru jatetxeren artean adostutako menua zerbitzatuko dute Hondarribiko Ardoran apirilaren 22an, Hondarribia-Katsikas elkartea duela sei hilabete prestatzen hasi zen zozketa erraldoia egingo den egunean. Zozketa, bazkaria, datorren astean aurkeztuko dituzten kultur ekitaldiak… Handia izango da apirilaren 22a. Dozenaka lagun ari dira dena ematen, egun horretan Hondarribian bizituko denaren oihartzuna Greziako errefuxiatuen kanpalekuetarain iritsi dadin.