Irungo EH Bilduk Planetaren Ordua "ekimen hutsal" batean gera ez dadila gogorarazi du
Irungo EH Bildutik martxoaren 25ean egingo den Planetaren ordua “ekimen hutsal batean geratu” ez dadila gogoratu nahi izan dute. Ekimenak gizartea aldaketa klimatikoaz ohartzeko helburua du. Horretarako, datorren larunbaterako eraikin publiko eta pribatuetako argiak itzaltzeko deialdia egin dute WWF (Munduko Natura Funtsa) elkartetik.
“Planetaren suntsiketa gelditzea behetik gora etorri behar da”, esan dute Irungo koaliziotik. Udalean jarri dute begirada, “Udalak kontzeptu hauek argi edukitzea ezinbestekoa” ikusten dutelako. Gainera, planetaren ongizateari bultzada emateko “asko” egin dezakeela esan dute. Alternatiba ugari proposatu dizkiote udaletxeari: “berriztagarrien” bitartez, “autosufizientzia energetikoa” lortuz edo “bertako elikadura ekologikoaren autosufizientziarako urratsak” eginez, besteak beste. Azken finean, “bertakoari babes irmoa eman”, aipatu dute.
Irungo EH Bildutik “administrazioei kontzeptu hauek asimilatzea kostatzen zaiela” argudiatu dute, baina “oso garbi” dute “jasangarritasun irizpideak erabiliz jendarte justuago, zoriontsuago eta ekonomikoki oparoagoa lortuko dugula”. Bukatzeko, Irungo herritarrei mezu bat helarazi nahi izan diete: “Ezin dugu gehiago itxaron, zeren denbora baita, hain zuzen ere, gaixorik dagoen planeta honek ez daukana”.