Galdeketaren gaineko balorazio «oso baikorra» egin du Demoarsok. Azken 200 urtean gatazka ekarri duen gaiari heldu diola esan du iniziatibak, «gatazkatik urrun, eta joko zelai demokratikoan».
Joan den igandean egin zuen herri galdeketa Demoarsok. Irudian Pasai Donibaneko bozkalekuetako bat.
Demoarsok herri galdeketa egin zuen pasa den igandean Oarsoaldeko lau udalerrietan. Erabakitzeko eskubidearen aldeko ariketatik bost egunera, iniziatibaren bozeramaile Imanol Esnaolarekin hitz egin du hitzak. Galdeketa egunaz eta hara iristeko egindako bideaz mintzatu da Esnaola. Eta hurrengo geltokiari begira ere jarri da Demoarsoren ordezkaria.
«Oso baikorra». Halakoa da martxoaren 19aren gainean Demoarsok egin duen balorazioa, Esnaolaren hitzetan: «Egindakoa oso garrantzitsua da. Gure herri honetan, azken 200 urte hauetan gatazka besterik ekarri ez duen gai baten gainean planteatu dugulako oinarri demokratiko eta oinarri sozial baten bidez gaiari heltzea, gatazkatik urrun, eta joko zelai ireki edo demokratiko baten bila». Demoarsok parte hartzean jarri du garrantzia. Hori ere ez da kasuala izan, «herri honek aurrera egingo badu, herri gisa bere barruan diren espresio politiko guztiek behar dutelako lekua».
Galdeketaren emaitzak jakinarazteko igandean bertan Naroa Iturrirekin batera egindako agerraldian «gure herriaren» etorkizunaz erabakitzeko ardura hartu eta bete dutela esan zuten biek: «Horrela izan da, eta galdeketa egiteak berak, aho zapore gozoa utzi dio Demoarsori. Hori da gelditu zaiguna».
Urtebete pasatu du iniziatibak lanean sutsu galdeketara bidea leuntzeko, eta lan horrek bere emaitzak izan dituela dio, «lortu dugu gai baten inguruan erabakia egikaritzea, eta hori arkitektura sozial bat eraikiz egin dugu, metodologia eta prozedura sendo eta garden baten bitartez». Horretan guztian eskualdeko «muskulu sozialaren» parte handi bat berme lanetan inplikatzea lortu dutela gaineratu du, eta normalean gai horietaz hitz egiten ez den hainbat eremuetara debatea eramatea, «horri gehitu behar diogu milaka lagun mobilizatu ditugula, Oarsoaldean inoiz izan den mobilizaziorik handiena antolatu dugula. Baditugu, beraz, balorazio baikorra, oso baikorra egiteko elementuak. Ikasgai garrantzitsu batzuk eman ditugu».
Ekainaren 10ari begira
Demoarso Gure Esku Dago iniziatibaren barruan abiatu zuten, «erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidea hartu du Gure Esku Dago-k, eta erabakitzeko eskubide hori modu pedagogikoan planteatzen ari da leku guztietan». Testuinguru horretan kokatu du Demoarsoren galdeketa, «ariketa pedagogiko bezala ulertu behar da. Kapital sozial handia bildu duen proiektu gisa».
Galdeketa eginda, ez da bidea amaitu. Geltoki bat izan da martxoaren 19a Oasoaldean. Eta hurrengo geltokia gertu da Esnaolak azaldu duenez. Izan ere, ekainaren 10ean, Euskal Herriko hitzarmen bat gauzatu nahi du Gure Esku Dago-k Bilbon egingo duen ekitaldian: «Erabakitzeko eskubidea gauzagarri egitea edo bidean jartzea da helburua».
Bidea ez da amaitu, beraz, argi dio: «Bide honetan aurrera, hemen ez da ezer gelditu. Demokraziaren aldarria bideratu behar dugu, eta ahal dela, epe ahalik eta laburrenean, Euskal Herri osoko balizko galdeketa handi bati oinarriak eman behar dizkiogu».
Eskualdera etorrita, berriz, herrietako batzordeek erabaki beharko dutela esan du Esnaolak. Euskal estatusa eta erabakitzeko eskubidearen gainean lanean jarraitzeko nahikoa eduki badagoela uste du, «jende gehiagorengana iristeko, eta batez ere pedagogia ariketa berriak egiteko».
Demoarsoren ibilbidean mugarria izan da martxoaren 19ko galdeketa. Aurretik ere, izan ditu beste mugarriak. Joan den urteko azaroaren 6an Pasaiako badia inguratu zuen giza katea antolatu zuen iniziatibak. Jendetsua, koloretsua eta anitza izan zen. 10.000 lagun elkartu ziren. Atzera begirada egin du Esnaolak horretaz hitz egiteko, eta hitz bakarraz definitu du, «lorpena». Aniztasuna oinarria dela zalantzarik ez du, eta hori bereziki zaindu dute, «Gure Esku Dago-ren batzorde sustatzaileak orokorrean, eta herriz herri, ardura handiz hartzen dugu aniztasun handiko mugimendu bat eragin nahi dugula. Mugimendu hori, berez, hor zegoen, eragin egin dugu guk».
Sendoa eta berme guztiekin
Mugimendu anitz hori, «harri bitxia» da Esnaolaren esanetan, eta ondare hori, «errespetuz» eta ahalik eta «zintzoen» gordeko dutela erantsi du. Argi du iazko azaroaren 6tik martxoaren 19ra bitarteko bide horretan aniztasun hori integratzeko lanean jardun dutenek asko jaso dutela, baina baita asko eman dutela ere: «Igandekoak [Demoarsoren galdeketak] beste oinarri bat jarri du Oarsoaldean. Jarraituko dute egoten ezberdintasunak egunerokoan, lehentasun eta ikuspegi ezberdinak, baina uste dugu egituretako gai orokorretarako beste kultura sozial eta politikoa jarri dugula. Hori ondare handia da, zaindu behar dena, eta ahalik eta zintzoen eutsiko diogu».
Galdeketa ez zen loteslea, baina «sendoa, serioa eta berme guztiekin» egin du Demoarsok. Hiru oinarri horiek hasiera-hasieratik mahai gainean oso erne izan dituztela dio lezoarrak: «Kanpora begira, beharbada, jendearentzat kanpaina izan da garrantzitsuena, baina barrura begira, guretzat, kanpaina bezain garrantzitsua izan da osagai teknikoak bideratzea eta gauzagarri egitea». Horren harira, aitortu du «emozio» berezia eragin diola izen-abizenak dituzten 500 lagun mahaietan lehendakari eta laguntzaile lanak egiten ikustea, «itzal bat dute denek, eta itzal hori jarri dute proiektuaren bermeen zerbitzura».
Jarraipen batzordeei ere egin die erreferentzia Esnaolak, «oso pertsona ezagunek eta aukeratuek osatu dituzte». Horiekin batera aritu dira lanean galdeketaren seriotasuna bermatzen berme taldeko kideak. Prozedura juridikoetan eta kontsultetan aditu diren zortzi pertsona aritu ziren talde horretan. Beste elementu garrantzitsua, nazioarteko begiraleak izan direla dio, «punta-puntako juristak izan ziren gurean, ibilbide luzeko europarlamentari ohi bat, eta giza eskubideetan eta datuen babesean espezializatutako beste jurista bat. Horien buru unibertsitateko irakasle eta Luxenburgoko epaitegian lanean aritutako Joxe Ramon Bengoetxea. Luxuzko batzordea izan dugu».
Horrek guztiak, galdeketa teknikoki oso «zorrotza» izatea ekarri du Esnaolaren hitzetan, «oso maila handiko zaintza eta bermeak izan ditu».
Halako galdeketa antolatzeak duen lanaz ere mintzatu da Demoarsoren bozeramailea. «Lantsuena» kontsultak eskatzen duen guztia epearen barruan, modu orekatu eta ordenatu batean betetzea izan omen da, «batez ere boluntarioek egiten dutelako». Hautets mahaiak hornitzea lan handia suposatu duela esan du batetik, «horiek osatzea lehendakariak, lehendakari ordeak, beren sistema informatikoarekin, bakoitza lokal pribatu batean, ez baitzegoen lokal publikorik erabiltzea». Aniztasuna modu baikor batean integratzea izan zen lan handia suposatu zien beste alorra, «komunikazio aldetik eta harreman aldetik hainbat estrategia eta planifikazio ezarri beharra ekarri digu. Kontuan izan behar dugu 70.000 laguneko eskualde bateko aniztasunaz ari garela».
Aktibazio maila handia
Bi horiek izan direla lanik handienak esan du, «zailak baino, neketsuak, batez ere ez gaudelako ohituta. Lan handia da auzoko festak antolatzea, herrikoak, edo matrikulazio kanpaina. Baina kontsulta bat antolatzea beste zerbait da, ezberdina. Ezohiko ariketa bat da, eta beraz, ezohiko trebetasunak eskatzen ditu, eta ez gaude ohituta horietara. Gauza askotan berritik hasi behar izan dugu».
Parte hartzean aldea egon zen Oarsoaldeko lau udalerrietan. Oiartzunek izan zuen parte hartzerik handiena. Oiartzuarren %40,24 joan zen bozkatzera. Bete aldean, Errenteria-Orereta, %15,52ko parte hartzearekin. Oarsoaldeko biztanleen %20,24ak hartu zuen parte galdeketan. Parte hartzeak, «intentzio bat» erakusten duela dio Esnaolak, «datuei erreparatuta, beraz, intentzionalitate oso altua du parte hartze indize horrek».
Argi mintzatu da Demoarsokoa, «ez dago gizarte honetan beste gairik hainbeste jende mugituko duenik, are gutxiago ekimen sozialeko ariketa batean». Aktibazio altua erakusten duela dio, eta hainbat faktore aintzat hartu behar direla erantsi du: «Jendarteak duen dibertsitate horretan, posizio ezberdinak dauden aldetik, denek ez dute parte hartzeko jarrera, eta horrek ez du esan nahi proposatzen denaren aurka daudenik. Badira prozesu erregular bat nahi dutenak, legegilea; badago, hauteskunde arruntetan gertatzen den bezala, halakoetan parte hartzeko interes berezirik ez duenik; eta badago jendea, halako eztabaidetatik kanpo dagoena».
Inplikazioa, izugarria
Demoarsoren galdeketa Katalunian legezko erreferendum bat egitera doazen unean egin izan balitz, parte hartzean eragina izango lukeela dio Esnaolak, «oso ezberdina izango litzateke giroa, mobilizazio izugarri bat eragin dugun arren, interesa nabarmen haziko luke Kataluniako erreferenduma maiatzera aurreratu izan balute, edo guk gurea irailean egin bagenu. Gaiaren inguruko aktibazio falta handi batek, debate orokor batek eragin digu». Halere, aurretik esandakoa berretsi du Esnaolak, Demoarsok lortu duen parte hartzea «oso altua» izan dela. Parte hartze horrek, gainera, Oarsoaldeko herritarren multzo handi batek erabakitzeko eskubidearen gaia oso modu kontzientean bizi duela erantsi du.
Demoarsorekin bat egin duten herritarrei egin die erreferentzia, azkenik: «Hemen inplikatu diren pertsonek egin duten moduan… izugarria izan da. Ez dago hitzik egin duten guztia eskertzeko, eta egin duten guztia ondare gisa zainduko dugu».
Euskal Herriko hiriburuekin batera erabakitzeko asmoa dute irundarrek
Erabakitzeko eskubidearen gaineko eztabaidari zentralitatea emateko lanean ari da Irungo Gure Esku Dago . Beste herrietan egiten ari diren galdeketak «bultzada handia» direla diote
Pasa den ekainean Irunen egin zuten Eskuen Eguna.
Elena Berazadi Irungo Gure Esku Dago iniziatibako kidea da. Olatuari begira ari dira Bidasoan, beste herrietako esperientzietatik ikasten eta haiek baliatzen. Orain arte Irunen, Hondarribia eta Hendaiarekin batera, ekitaldi esanguratsuak egin dituztela esan du Berazadik, eta joan den urteko ekainean antolatu zuten Eskuen Egunari erreparatu dio, «hunkigarria izan zen. Jende ugari bildu ginen».
Harrez gero, beste herrietan galdeketak egin ahala, Irungo Gure Esku Dago iniziatibak bilera irekia egin zuen, «nolabait nahi genuen sumatu zein borondate zegoen jendearen artean herri galdeketa egiteko». Udazkenean egin zuten bilera hori eta parte hartzaileen artean «aniztasuna» nabarmendu du irundarrak, eta ondorio berera heldu zirela denak, «Irunen herri galdeketa egin, egin behar dela erabaki genuen». Herri galdeketarako bidea, iniziatibak sustatu behar duela Irunen argi ikusi zutela bileran izandakoek gaineratu du Berazadik, «nahiz eta herritarrek egin gero». Horretan ari dira orain, sustatzen, erabakitzeko eskubidearen gaineko eztabaidari zentralitatea ematen saiatzen. Hondarribian oraindik ez dutela bilera hori egin esan du.
Eztabaida kalera atera
«Eztabaida kalera ateratzeko, olatu ezberdinak probestu behar genituela ikusi genuen. Beste herrietako galdeketak oihartzun handia izaten ari dira komunikabideetan, eta olatu hori ahalik eta gehien probestu behar genuela argi genuen», esan du irundarrak. Argi dute ere, galdeketa ahalik eta beranduen egingo dutela hirian: «Irunek dauzkan ezaugarriak kontuan hartuta, hiri handia da, 60.000 biztanletik gora ditu, anitza da… Behar genuen giro hori sortu kalean egon zedin kezka hori. Orduan iruditu zitzaigun zuhurrena izaten ahal zela hiriburuek egiten zutenean egitea Irunen ere herri galdeketa, 2018-2019 artean».
Bidean daude oraindik, data finkorik ez dute, baina beste herrietako galdeketak primeran datozela esan du Berazadik, «aurrekari horiek guztiak ditugu kontuan, Eskozia, Katalunia, eta Euskal Herriko herrietan egiten ari diren guztiak. Guretzat oso baliagarri dira. Buru-belarri ari gara horretan, ilusio handiz».
Erabakitzeko eskubidearen aldeko ideia gizarteratzea dute erronka nagusi: «Interesa piztu behar da jende ezberdinaren artean. Izan ere, eztabaida horietatik etorriko zaigu onurarik handiena. Horretarako lan izugarria egin behar da, esparru oso ezberdinak ukitu behar dira, eta jende asko animatu behar da, baina deliberamendu osoz ari gara horretan».
Etorkizuna erabaki
Joan den udaberrian, Irungo adierazpena egin zuten, babesa eskatu eta «berehala, eta esfortzu handirik gabe», 300 lagunetik gora agiriaren testuarekin bat egin zutela nabarmendu du irundarrak, «bildutakoek esan zuten galdetu behar zaiola herriari etorkizunari buruz, herriak duela hitza. Giroa badago, beraz; sustatu behar da».
Oarsoaldean asteburuan galdeketa egin zuten. Baita Tolosaldean, Hernanin, Astigarragan eta Larrabetzun (Bizkaia) ere. Esperientzia oso garrantzitsua, «bultzada handia» dela dio: «Izugarria da. Oarsoaldean egin dutenak, sinbolikoki, izugarrizko esanahia du, funtzionalki ere bai. Hainbeste jende bildu izana eztabaidatzen erabakitzeko eskubidearen gainean, ariketa izugarri hori egitea, dena boluntarioki, norberaren iniziatibaz eta konbentzimenduz gure herri miresgarri honek duen antolatzeko gaitasun horrekin hutsetik aterata, ikaragarria da. Animoa da guretzat».
Erronkak tokian tokikoak direla argi du, «badakigu Orexan errazagoa dela Irunen baino. Bidea hori dela pentsatzen dugu, konbentzimendu osoz».
Orain arte lanean izan direnei eskerrak eman dizkie azkenik, «bihotzez. Horrek guretzat suposatzen duena izugarria da. Haiek ireki dizkigute ateak, eta atzetik gatozenei bidea errazten ari zaizkigu».