'Euskadi Lagunkoia' proiektuan parte hartzeko bi jardunaldi berri programatu ditu Irungo Gizarte Ongizate sailak.
Palmera Montero Gunean izango dira ‘Euskadi Lagunkoia’ programaren bi jardunaldiak.
‘Euskadi Lagunkoia’ proiektuan parte hartzeko bi jardunaldi berri programatu ditu Irungo Gizarte Ongizate sailak. Herritar guztiei zuzendutako bi elkarretaratzeak datorren asteazkenean, hilak 29, eta apirilaren 4ean izango dira Palmera Montero Gunean. Adinekoekin atseginagoa izango den hiria bultzatzea du helburu programak.
Orain arte talde txikietan adineko pertsonekin eztabaida jardunaldiak egiten aritu dira udaletxetik, programa gizarteratu nahian. Hurrengo asteetarako egituratutako jardunaldien helburua adineko pertsonek programari buruz duten iritzia azaleratzea da, egunerokotasunean dituzten arazo edo gatazkak plazaratzeko. Bilera horietan parke, zona publiko, garraio publiko edo etxebizitzen egoerari buruz mintzatuko dira, beharrak identifikatu eta horiei erantzungo dien ekintza-plan bat martxan jartzeko.
Pasa den otsailean, ‘Euskadi lagunkoia sustraietatik’ programara atxikitzea erabaki zuen Irungo Udalak. 30 udalerri baino gehiagok parte hartzen dute programa integratzaile horretan. Martxoaren 29ko bilera 10:00etatik 12:00etara izango da, apirilaren 4koa berriz, 18:00etatik 20:00etara. Elkarretaratzeetara adin guztietako pertsonei deitu zaie, guztien iritzi eta esperientzien artean Irungo adinekoen egoeraren berri izan, aztertu eta erantzun bat burutu ahal izateko.