Talaia bideko lasterketa egingo dute igandean eta, horri lotuta, lasterkari elgetarrak hitzaldia eskainiko du Hondarribian.
Oihana Kortazar Salomon Team taldeko mendi lasterkari elgetarrak hitzaldia emango du ostegunean Hondarribiko Kultur Etxean (Denda kalea, 18), 19:00etan. Donostia-Hondarribia Talaia Trail lasterketa egingo den astea izanik, punta-puntako kirolari baten ikuspegia ezagutzeko aukera izango da. Hitzaldia doan izango da, plazak bete arte.
Aurkezpen handirik ez du behar Kortazarrek baina, lorpen handienak biltzearren, Espainiako txapelduna, Zegama Aizkorri lasterketa bitan irabazitakoa, Skyrunning 2011 Munduko Txapelketan garaile, eta hainbat lasterketa bertikaletan nagusi izan da, besteak beste.
Hondarribiko hitzaldian, irudiez lagunduta, bere ibilbidearen nondik norakoak kontatuko ditu eta kirolari jarduna eta ama izatea uztartzeko zein zailtasun izan dituen azalduko du.

Punta-puntako kirolaria da Oihana Kortazar