Objektu zahar eta modernoak ikusteko aukera izango dute herritarrek Ficoban egingo dituzten Zaharkinen Azoka eta Robotikaren Ligan.
Zaharkin Azoka eta Robotikaren Liga egingo dute asteburuan Ficoban.
Irungo Ficobak asteburuan atzoko eta gaurko objektuak jasoko ditu. Zaharkinetatik azken belaunaldiko robot modernoak arte. Denetarik ikusteko aukera emango dute ostiraletik igandera arte iraungo duen ekimen pluralean. Objektu horiek ikusteko aukera emango duten Zaharkinen Azoka eta Robotikaren Liga egingo dute ostiral, larunbat eta igande bitartean.
Zaharkin Azokaren zazpigarren edizioa izango da. Antikuario eta enkantegileak etorriko dira, Frantzia, Ingalaterra eta Espainiako Estatutik. Euskal Herriko kideak ere egongo dira, nola ez. Ostiralean, hilak 17, hasiko da antzinako objektuen azoka, eta igandera arteko iraupena izango du. Azoka horretan, bitxi isabeldarrak, ekialdeko artea, arte erlijiosoa, panpinak, eskulturak edo bildumak izango dira, denera 30.000 bat objektu jarriko dituzte ikusgai.
Larunbatean, Curiosity Antic enkante handia egingo dute, 40-50 euroko preziotik abiatuta. Igandean, berriz, Ficoban egongo diren standetan gastatzeko 200 euroko zozketa egingo dute azokara gerturatutako guztien artean.
Sarrera 3 eurokoa izango da. Azoka ostiralean 17:00etatik 21:00etara izango da zabalik eta larunbat nahiz igandean 11:00etatik 21:00etara, eguerdian itxi gabe.
Errobotak
Aurreko urteko Robotikaren Ligak izan zuen harrera ona ikusita, aurten ere roboten lehiaketa egitea erabaki dute. Larunbatean Euskobot-en bigarren ekitaldia egingo dute, eta Lehiaketako Robotikako Liga Nazionalaren bederatzigarren jardunaldietako bat jokatuko da. Larunbatean robot onenak egongo dira, kategoria ezberdinetan lehiatzeko prest. Sarrera doakoa izango da, toki guztiak bete arte. Roboten lehiaketara gerturatzeko ateak 11:00etan irekiko dituzte. 12:00etan Ikasleen Liga
minisumon eta abiadura-lasterkaritan lehiaketaren ordua izango da, geroago, 13:00etan, Profesionalen Ligaren jardunaldi berri bat jokatu dadin.