Bidasoaldeko askotariko emakumez osatutako elkarte feminista da Su Txikian. Bazkaria baino gehiago izango da hilaren 25ekoa.
Lakaxitako bazkaria 14:00etan hasiko da.
Su Txikian elkarteak bazkari feminista egingo du hilaren 25an Lakaxita gunean (14:00etan hasiko da). Bertarako sarrerak Hazian eta Kabigorrin eskura daitezke, 15 euroan. Bazkaria baino gehiago da Bidasoko askotariko emakumez osaturiko elkarte feministaren otordua: emakume ezberdinen topalekua sortzea da euren asmoa, “eta bide batez, borroka egun hau elkarrekin ospatzea”. Izan ere, martxoaren 8aren harira (Emakumeen Nazioarteko Eguna) antolatu dute bazkaria.
Urtebete inguru da elkartea sortu zutela. Haien zeregin nagusienetakoa Bidasoaldeko Emakumeen Etxea sortzeko borrokan jardutea da. Hala, bazkarian, elkartea ezagutarazi eta borroka horretarako eskuak eta gogoak batu nahi dituzte.
Su Txikian-ekoek bazkari ona (menu begetarianoa ere badago), eta festa giroa ziurtatu dituzte. Osagai askorekin gainera: karaoke feminista, bertsolariak, kontzertuak…