Eneritz Furyak irundarrak aste honetan bere bakarkako lehenengo lana kaleratu berri du, bere zuzendaritzapean egindako ‘Attrezzo’ abestiaren bideoklipak lagunduta. Bueltan da, urtebetez musikatik at ibili ondoren.
Eneritz Furyak.
Eneritz Furyak abeslari irundarra bueltan da. Asteartean, bere bakarkako lehenengo lana aurkeztu zuen. Kasernarat taldetik pasatu ostean, taula gainera bueltatuko da folk eta rock doinu indarrez beterik. Literatura eta punk munduan aritua da, galizieraz daki, eta bere azkeneko bideokliparen zuzendaritza lanak egin ditu. Horrela defini daiteke sortzaile irundarra: trebetasun ugari dituen pertsona polifazetikoa; musikari bat baino askoz gehiago.
Eneritz Furyak gisa ezaguna den musikariak Dueso abizena du, Eneritz Dueso. «Historia nahiko bitxia da», esan du. 18 urterekin
Furyak izeneko blog bat sortu zuen. Blog horretan, kontzertu bat ikusten zuen bakoitzean, argazkiak eta kronika txikiak idazten zituen. Gainera, «joko literario bat» egin nahi izan zuen greziar mitologiako
furiak, eta
furia gaztelerazko hitzekin.
Folk eta rock estilokoak dira nagusiki bakarlariak eskaintzen dituen doinuak. Folkaz gain, «kantautorearen kutsu» hori du. Ez kantautore klasiko bezala; «punkaren mala ostia» horrekin definitzen du bere kantautore izaera.
2014ko urtarrilaren 3an bakarkako lehen kontzertua eman zuenetik, geldialdi bakarra izan du. Geldialdian izandako sentsazioen isla izan da
Attrezzo, bere lehen diskoko aurrerapen abestia. Bere hitzetan,
Atrezzo, «inguruan modu jakin batean ikusten nuen guzti hori» izan da. «Taldea uzteko [Kasernarat] momentu jakinarekin lotuta» dagoela dio, inguruan ikusten zuena «atrezzo hutsa» zela argudiatuz. Hutsa sentitu zuen barrena, hainbeste maite zuen musika falta zitzaiolako. Urtebetez jo gabe ibili ostean, ordea, «itolarri sentsazioa» izan zuen irundarrak, eta kanta berri hori sortu zuen.
Autoeditatzailea
Diskoaren musika sortzeaz gain,
Attrezzo-ren bideokliparen zuzendaritza ere egin du. «Irudien mundua gustatzen zait», dio Duesok. Produkzio lanetan ere aritua da, musikatik harago doazen lan horietan badu eskarmentua, beraz. Izan ere, artea bere horretan gustuko du, eta «datorren edozer» probatuko luke. Hau da, musikaz gain, beste arloetan sartzeko jakin-mina izan du.
Disko berrian lurreratuz, lanak irundarraren izen bera hartu du, izenik gabeko diskoa nahi izan duelako. «Ez diot nire buruari omenaldi bat egin nahi izan», azaldu du, barrez. Duesoren ustez, disko bat baino gehiago, bilduma bat da. Dagoeneko zituen abestiak —bakarkakoak edo Kasernaratenak— hartu ditu, eta bilduma moduko diskoa egin du. Lanak hiru abesti berri ditu,
Atrezzo aurrerapena horien artean. Atzera begira egin duen lan guztiaren laburpena dela esan daiteke, hamaika abestikoa.
Gitarra jotzeaz gain, eskusoinua edo ukelelea bezalako instrumentuak menperatzen ditu gazte irundarrak. Tresna horiek jotzeko zuzenekoa da gustuko duen erakusleihoa. Ezinezkoa ikusten du zuzenekorik gabe pertsonengana iristea. Gainera, ikuslearen aurrean egotean sortzen den «elkarrizketa» hori goraipatzen du. Datozen hilabeteetan Euskal Herriko hainbat herritan arituko da, beti gitarra eskuetan duela.
Idazlea
Musikatik at, aurretik ere beste nolabaiteko jardunetan aritu da Dueso. «Musika nire bizitzara berandu etorri da», azaldu du. Literatura munduan ibilitakoa da, idazle. Adingabe zeneko kontua dela dio. Garai horietan, besteak beste, Hondarribiko Bordari eta Satarka literatur lehiaketa irabazi zuen. Heldutasunera iritsi bezain laster, Euskal Herriko Ipuin Erotikoen Lehiaketa eskuratu zuen.
Lehiaketa horiez gain, garrantzia berezia eman dio irundarrak irabazi zuen beste bati. Unibertsitate garaira jo du horretarako, galizieraz idazten zuen klase horietara; galegoz, bai. Izan ere, irakasle batek unibertsitate arteko mikro ipuinen lehiaketa batean parte hartzera behartu zituen ikasleak. Duesok baiezkoa eman zion erronkari, eta lehen saria eskuratu zuen Galiziako hizkuntzarekin idatzitako ipuin batekin. Saria Oxford Unibertsitateak eman zuen. Ez da gutxi.
Punk iragana
Eneritz Furyak pertsona bezala ezagutzen ez duenak, artistaren beste alde baten berririk ez du izango, akaso. Punk aldea. «Asko zor diot punk musikari», esan du, harro. Punk ibilbidea gitarra elektriko bat erosi zuenean hasi zuen. Garai horretan, Duesok punk musika entzuteko ohitura zuen eta bi urte nagusiago ziren lagun batzuekin elkartu zen, baita Izorrai taldea osatzen zutenekin ere: gitarra jotzaile bezala aritu zen bertan denboraldi batez. Duesoren sarrerarekin taldeari Astindu izena jarri zioten. «Horregatik jarraitu dut musikaren munduan», dio. Izan ere, punk musikaren bitartez ezagutu zuen geroago talde bezala konfiantza eta jarraipena emango zien Apurtu taldeko Aitor Perez.
Eskerrak aldez aurretik punkari, Furyak bezalako zorioneko artistak sortzen laguntzeagatik.