Prekarietatea, zatikako lan jardunak, enpresa barruan promozionatzeko aukera urriak, behin-behinekotasuna. Elementu horiek osatzen dute emakume langileen argazkia.
kristalezko sabaia oztopo da emakumeak ardura postuetara iristeko.
Prekarietatea, zatikako lan jardunak, enpresa barruan promozionatzeko aukera urriak, behin-behinekotasuna. Elementu horiek osatzen dute emakume langileen argazkia. 2008an hasitako krisiak eragina izan badu ere, aurretik prekarioa zen emakumeen egoera lan munduan. Aurrera urratsak egin direla dioten mezuen aurrean, sexuen araberako lan diskriminazioa ez dela amaitu argi dute Maddalen Dorador LABeko Oarso Bidasoko arduradunak, Uxue Mingo ELAko Oarso Bidasoko arduradunak, eta Tina Diaz ESK sindikatuko delegatu eta Berdintasun arloko kideak.
«Oso, oso prekarioak dira emakumeen lan baldintzak gaur egun. Zatikako lanaldiak derrigorrezkoak dira, oso gutxik dute lanaldi osoan aritzeko aukera enpresak hala eskaintzen dielako edota emakumeak murrizten duelako, etxeko lanak eta familia ardurak ez direlako berdintasunetik lantzen oraindik». Argi mintzatu da Dorador, «adibide zehatzak baditugu. Irungo garraio enpresa batean, adibidez, berdin du zenbat denbora daraman emakumeak lanean. Antzinatasunak ez du axolarik, administrari bezala mantenduko dute; nahiz eta ardura gehiagoko lanak hartu bere gain, ez dute inoiz igoko kategoriaz. Gizonak, ordea, berehala hasten dira promozionatzen. Egoera hori orokorra da, eta sektore guztietan ematen da».
Geroz eta prekarioago
Bat dator Mingo. Emakumeen lan baldintzak geroz eta prekarioagoak direla dio: «Emakumeen langabezia tasa gizonena baino %2,9 puntu altuagoa da Hego Euskal Herrian». Emakumeen lanpostuetan behin-behinekotasuna eta zatikako lanaldiak izaten direla nagusi esan du: «Horrek ondorio nabarmenak ditu langabeziari begira, baita erretiroaren kasuan ere. Kotizazioa askoz ere baxuagoa izango da, eta pentsioak oro har gizonenak baina baxuagoak izaten dira, ondorioz. Behar ditugun prestazioak eskatzeko garaian ere baxuagoak izaten dira. Gurpil zoroa da». Berdintasunera bidean pausuak eman direla diotenei, lan munduan horretara iristeko oraindik ere asko falta dela erantzun die.
«Feminizatutako» sektoreak aipatu ditu Diazek, eta berriro azaldu dira elkarrizketan zatikako lanaldiak: «Oarsoaldea eta Bidasoan gure sindikatuan afiliatuta dauden emakume gehienak zerbitzuetan ari dira lanean. Feminizatua dago arlo hori eta soldatak txikiagoak dira. Garbiketan ari direnak 10 euro kobratzen dute lan ordua».
Alderik ilunenean etxeko langileak kokatu ditu ESK sindikatuko delegatuak, «ahaztuak izan dira urteetan, kasu askotan kontraturik gabe lan egiten dute, eta kexatu ere ez dira egiten lana galtzeko beldur direlako. Egoera oso zaila dute. Gure sindikatuan denbora gehiago eskaintzen hasi gara arlo honi, eta uste dut orokorra dela, besteetan ere hasi direla gehiago kontuan hartzen emakume horien egoera».
Lan munduan diskriminazioa ez dela amaitu argi dute hirurek. Diskriminazioa egon badagoela onartzea da Doradorren ustez gakoa arazoari aurre egiteko, «emakumeak prekarietatean daudela onartu behar da lehenik, jendarte matxistan bizitzen jarraitzen dugula, eta orain arte martxan jarritako berdintasun legeek eta horrelakoek porrot egin dutela. Izan ere, egungo sistema heteropatriarkalak jarritako tresnak dira horiek guztiak». Irtenbidea ere argi du LABeko arduradunak, «berdintasun politiketatik, politika feministetara egin behar dugu jauzi».
Lantegietan bidea itxi
Emakume askori lantegian bidea ixten dietela gaineratu du Diazek, «lana eta familia uztartzeko, amatasunagatik edota haurren zaintzagatik baja eta baimen gehiago hartzen ditugulako. Oraindik orain lan handia dago egiteko arlo horretan».
Irtenbideak ere eman ditu: «Zatikako lanaldiak debekatu behar dira, eta amatasun eta aitatasun baimenek berdinak izan beharko lukete, enpresariek emakumea ez diskriminatzeko».
7.484
euroko diferentzia
Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako emakume eta gizonen arteko soldata diferentzia 7.484 eurokoa dela jakinarazi berri du INE Espainiako Estatistika Institutuak, egin duen Soldata Egituraren Inkestan oinarrituta. Batez beste, 31.271 euro irabazten dute gizonek urtean; emakumeek, berriz, 23.781 euroko diru sarrerak dituzte
%78
Zatikako lanaldiak
Hego Euskal Herrian zatikako lanaldian ari diren langileen %78a dira emakumeak. Gainontzeko kopurua, %22a, dagokie gizonei. Arlo horretan ere, gizon eta emakumeen artean alde handia dagoela erakusten dute datuek.
Emakumeen nahi eta beharrak negoziazio kolektiboetan txertatzea, eta horiei lehentasuna ematea da Mingoren ustez diskriminazioarekin amaitzeko bidea, «hori sindikatuoi dagokigu, kanpotik ez dagoelako benetako interesa egoera hau aldatzeko».
Lan mundua oraindik ere oso patriarkala dela gaineratu du, bestalde, ELAko arduradunak, «zaila izango da aldatzea gainera, aurrean ditugun oztopoak handiak direlako, urte asko dituzten egiturak dira, eta horiekin amaitzea ez da erraza izango».
Kristalezko sabaia
Kristalezko sabaia ere aipatu dute. Kristalezkoa, soilik emakumeentzat. Goi karguetara iristen direnak, iristen diren gizonak baino askoz ere gutxiago direlako. «Emakumeentzat gordetako lanak, burtsan irabaziak ematen ez dituztenak izaten dira», esan du Doradorrek, «ezinbestekoak dira bizitzaren iraunkortasunerako, guk martxan jarraitzeko, baina merkatuek ez dituzte aitortzen. Jendartean emakumea bigarren maila batean dago, ezkutatuta, eta lanak ere halakoak egozten zaizkio».
Garbiketa arloa aipatu du horren harira, eta datu bat eman: «Garbiketa enpresetan aritzen den gehiengoa emakumea da, %98. Gizonak, gainontzeko %2a dira. Azken horiek, ordea, ez dira garbiketan aritzen normalean, enkargatuak izaten dira. Sektore feminizatuetan, goi karguetan gizonak aritzen direla erakusten du horrek». Ekonomia eta administrazio ardurak emakumeek betetzen badituzte ere, beti «gizon gerentea» dagoela gainetik gaineratu du.
Bat dator Mingo: «Emakumeak lan munduan zaintzara eta garbiketara bideratzen gaituzte». Horren atzean dagoen arrazoia ere argi du, «gaur egun gizartean oraindik oso errotuta dago emakumeon rol hori. Patriarkatutik markatzen da. Kapitalaren munduan, patriarkatua eta matxismoa gailentzen dira».
Hiru mezu martxoaren 8an
Sindikatu bakoitza bere mezuarekin helduko da martxoaren 8ra, Emakumeen Nazioarteko Egunera. ESK-k aurretik hasi du kanpaina «hainbat komunikabide handitan» emakumeei ematen dieten trataera salatzeko, «duintasunarekin zerikusi gutxi duten roletan aurkezten gaituzte emakumeak. Gure bizitzaren arlo guztietan eragina du horrek, baita lan munduan ere, objektu gisa aurkezten gaituztelako. Isuri matxista horiekin amaitzea dugu helburu».
«Emakumeen langabezia tasa, gizonena baino %2,9 puntu altuagoa da»
«Emakumeak lan munduan zaintzara eta garbiketara bideratzen gaituzte»
Uxue Mingo ELAko arduraduna
Horri begira interpelazioak egiten ari dira erakundeekin egoerari aurre egiteko, «tresnak beraiek dituztelako». Aurkitu duten erantzuna «pasibotasuna eta geldotasuna» izan direla azaldu du Diazek, «komunikabideen jarrera hori onartzen dute, ez dute ezer egiten. Emakunden gaiaren gaineko erreklamazioak aurkeztu ditugu, baina pasibotasuna aurkitu dugu bertan ere». Legea ezartzea eskatzen dutela gaineratu du ESK-ko delegatuak, «kontrolatzea komunikabideetan esaten dena, eta esateko modua. Halakoak esatea ezinezkoa dela jakinarazi behar diete».
Sindikalismo feminista eraikitzen.Hori da Emakumeen Nazioarteko Egunari begira ELA sindikatuak zabalduko duen mezua: «Argi eta garbi esango dugu emakumeak borrokaren lehen lerroan gaudela. Zorionez geroz eta protagonismo handiagoa hartzen ari gara, baita sindikalgintzan ere, eta ahalduntze horretan lagundu behar dute sindikatuek. Orain arte emakumea zapalduta egon da, eta oraindik ere zapalduta dago. Sindikatuoi ere badagokigu ahalduntze horretan sakondu eta benetako berdintasuna lortzeko lan egitea».
Aitatasun eta amatasun baimenek berdinak izan beharko lukete»
«Duintasunarekin zerikusi gutxi duten roletan aurkezten gaituzte emakumeak»
Tina Diaz ESK-ko delegatua
Aurrekontu feministak eskatuko ditu LABek. Egin kontu. Aurrekontu feministen garaia da goiburuarekin, aberastasuna beste modu batera banatzeko aukera badagoela esango dute. «Aurrekontuen garaia da, orain eztabaidatuko dituzte, eta beste banaketa bat egiteko eskatuko dugu. Horrekin batera gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea, 35 orduko lanaldia ezartzea…». Azken horren harira, lanaldiak murrizteaz ari direla pentsa daitekeela esan du LABeko arduradunak, baina emakumeen kasuan ez dela horrela azaldu du, «lanaldiak handitzeaz arituko ginateke, gehiengo zabal batek zatikako lanaldia duelako».
Sindikatuei ere badagokie autokritika egitea Mingoren ustez, «patriarkatuan oinarritu da historikoki sindikalgintza, horretaz jabetuta hasi gara iraultzen. Barne egitura aldatu behar da, kanpoan eragiteko ondoren». Diaz ere ildo beretik mintzatu da, «erabat patriarkala da sindikalgintza ere, nahiz eta emakumeok gure tartea egin nahi dugun».
Prekarietatea eta diskriminazioa ez dela hori jasaten duten emakumeen kontua soilik esan du, azkenik, LABeko arduradunak, «ardura denona da, hala sentitu behar dugu, eta sindikatuoi dagokigu kolektibizatzea eta sozializatzea».
Haurdun gelditu dela jakinarazi eta bi ordura kaleratu dute langile bat
Errenteria-Oreretako udal egoitzetako garbiketako eta Jesusen Bihotza erresidentziako langileen protesta.
Lan munduan sexuen araberako diskriminazioa ez dela amaitu erakusten duten adibideak eman ditu LAB sindikatuko Oarso Bidasoko arduradunak.
Muturreko egoera bat, Oiartzungo lantegi batean aste honetan bertan gertatu dena aipatu du, haserre, Doradorrek: «Haurdun gelditu da langile bat eta hala jakinarazi dio enpresari. Bi ordura kaleratze gutuna eman diote». Enpresak lanpostu finkoa zuen emakumearen kaleratzea bidegabea dela aitortu, eta kalte-ordaina eman dio: «Enpresarekin hitz egin dugu eta pentsatzen dugu berriz hartuko dutela, epaitegietara jotzen badugu bertan behera utziko dutelako kaleratze hori. Baina imajinatu zein gogorra izan behar duen emakume horrentzat lanera itzultzea egoera horretan».
Oarsoaldeko autobus enpresa bati ere egin dio erreferentzia LABeko arduradunak. Bertan probaldi epeak ezberdinak dira emakume eta gizonentzat: «Hilabete gutxi batzuk behar dituzte gizonek proba epea egin eta enpresan finko egiteko. Bertan lanean ari den emakumeak, bi urteko proba epea egin behar izan zuen, behin-behinean aritu zen, bi urteren buruan finko egin zuten arte». Enpresen eta langileen izenak ez ditu aipatu Doradorrek haien kontrako neurriak har ez ditzaten.
Pasaiako portuan, berriz, emakumeak hartzeko beti oztopoak dituztela azaldu du, «aldagela bakarra dute, eta hura moldatzea baino merkeago ateratzen zaio gizonak kontratatzen jarraitzea».
Lan gatazkak
ELAko arduradunak aipamena egin die, bestalde, Irungo etxez etxeko langileei eta Errenteriako Udalaren menpeko egoitzen garbiketako eta Jesusen Bihotza Zahar egoitzako langileei: «Oso sektore feminizatua da hori, eta borrokan ari dira une honetan bertan lan baldintza duinak lortzeko. Ardura nagusia instituzioek dute, baina ikusten dugu oraindik ere oztopoak daudela benetako berdintasuna lortzeko».