Hiru jardunaldiren faltan, lau taldek dituzte Euskal Ligara igotzeko aukerak. Hurrengo asteburuan euren artean jokatuko dute laurek.
Marlaxkako laukotea pozik, Zarautzen garaipena lortu eta gero
Hondarribia Marlaxka Xale Elkarteko lehen taldea sailkapeneko aurreneko postura igo da, larunbatean Zarautzen Iriondori irabazi eta gero (1,5-2,5). Patxi Morenok, Goio Uriartek, Antonio Cruzek eta Ramon Nogues kapitainak osatzen duten laukoteak aurkari zuzen baten etxean irabazi du eta Billabonaren berdinketa baliatu du Gipuzkoako Ohorezko Mailako lider jartzeko.
Zortzi jardunaldi jokatuta, zazpi irabazi dituzte hondarribiarrek eta bakarra galdu.
Nolanahi ere, zazpi garaipenetatik bost alde txikienagatik lortu dituzte, eta horrek oso argi erakusten du aurten Ohorezko Mailan dagoen parekotasuna. Hiru jardunaldi geratzen dira eta, ziurrenik, azkenera arte ez da erabakiko Euskal Ligara zein talde igotzen den.
Lau talde hautagai, hiru faborito
Lau dira liga irabazi eta igotzeko aukerak dituzten taldeak: Marlaxka (21 puntu), Billabona (20,5), Iriondo (20,5) eta Gros (19).
- Marlaxkak Billabonaren kontra jokatu behar du hurrengo jardunaldian, eta azken biak irabazteko modukoak dira.
- Billabonak bi partida oso zail ditu, Marlaxkarekin eta Grosekin, eta liga azkenaren aurka bukatuko du.
- Iriondok ez dauka egutegi txarra, eta hurrengo jardunaldian Grosen aurka emaitza ona lortzen badu egoera onean geratuko litzateke.
- Eta Grosek, Marlaxkak baino bi puntu gutxiago ditu, eta egutegi zailena; nolanahi ere, donostiarrak erabakigarriak izango dira, Billabonaren eta Iriondoren kontra jokatu behar baitute.
Liga amaiera ez da batere erraza izango Marlaxkarentzat, baina aurkarientzat ez da samurragoa izango. Agian, Billabona taldeak egutegi hobea du, horregatik da hain inportantea hurrengo jardunaldia, Marlaxka eta Billabona eseriko baitira bata bestearen parean. Larunbat arratsaldean garaile ateratzen denak, abantaila hartuko du. Gainera, Iriondok laugarren tokian dagoen Grosekin jokatuko, Donostian. Gros da orain arte Marlaxkari irabazi dion talde bakarra eta, liga bukaeran, hondarribiarren aliatu bilakatu daiteke.