Paco Azorinek zuzenduta, 'Escuadra hacia la muerte' antzeztuko dute bihar Itsas Etxean. Alfonso Sastre, egilea, besaulki-patioan eseriko da.
CDN atzean duela, eszenografia indartsu batekin iritsiko da Sastren obra Hondarribira
Alfonso Sastrek orain 64 urte idatzitako
Escuadra hacia la muerte antzezlana taularatuko dute bihar Hondarribiko Itsas Etxean. 1953an estreinatu zuten lehen aldiz Madrilgo Maria Guerrero antzokian; hasieran baimena lortu zuten arren, hiru saioren ondoren zentsurak obra debekatu zuen, eta ez zen gehiago taularatu. Eta mitoa jaio zen.
Paco Azorin eszenografo eta zuzendari madrildarrak berreskuratu du obra. Egia da eremu amateurrean eta unibertsitatean asko lantzen den testua dela, baina hirurogei urtean lehen aldia da Sastreren gerraren aurkako alegatuari modu profesionalean eta programazio zabal baten barruan heltzen zaiola. Izan ere, Espainiako
Centro Dramatico Nacional (CDN) delakoak sustatu du ekoizpena, eta
Etxepare Institutuaren laguntza izan du. Hori horrela, eszenografia indartsu batekin moldatu dute Sastreren proposamena, eta aktore taldean antzerkian eta telebistan eskarmentu handiko seikote bat dago: Julian Villagran, Carlos Martos, Jan Cornet, Ivan Hermes, Agus Ruiz eta Unax Ugalde gasteiztarra (
irakurri HITZAk Unax Ugalderi egindako elkarrizketa).
Azorinek Sastreren maisulanaren kokapena aldatu du, gaurkotu, baina testuaren muinari eutsi dio, 1952an idatzita dagoen arren, ez baitu gaurkotasuna galdu. “Sastrek bere
huis clos [ateak itxita] hau III. Mundu Gerran kokatzen du, eta gatazka hori etorkizun hurbilean ikusten du egileak. Inork ez du zalantzan jartzen hirugarren gerra handi hori iritsiko denik, dagoeneko iritsi ez bada, orain artean ezagutzen ez dugun formatu batean”.
Bihar Itsas Etxera iritsiko den antzezlanaren bizkarrezurra finkatzeko, Sastreren bi ezaugarri nabarmendu ditu zuzendari madrildarrak: “Sastreren obraren aspektu futurista eta, era berean, unibertsala interesatzen zait: futurista, denboran duen kokalekuagatik, eta unibertsala, gizakia zibilizazioaren neurri eta ikurra den gizakiaren presentziarekin”.
Egilea presente izango da
CDN
Escuadra hacia la muerte berriro taulara eramateko lanean ari zela jakin zuenean, Hondarribiko Udaleko Kultura Sailak berehala interesa agertu zuen: “Gaztelaniazko antzerkigintzan berebiziko garrantzia du Sastrek, eta Hondarribian bizi da. Hemendik urte batzuetara idatziko diren testuetan mugarri izango da”, adierazi dute.
Iazko udazkenean estreinatu zutenetik, antzoki asko bisitatu ditu Azorinen berrikuspenak. Madrilgo Maria Guerreron urriaren 7tik azaroaren 27ra antzeztu zuten, 40 egunez astean sei aldiz. Eta Euskal Herrian, otsailean, Donostiako Viktoria Eugeniatik (bitan), Gasteizko Principaletik eta Iruñeko Gaiarretik pasatu da. Eivissan, Murtzian, Logroñon… Ibilbide luzea izan du obrak.
Baina saio horietan guztietan ez bezala, Hondarribiko Itsas Etxeko besaulki patioan jatorrizko lanaren sortzailea eseriko da, eta une hori iritsi zain “irrikaz” dagoela aitortu du Sastrek. “Egia da obra maiz eta leku ugaritan taularatua izan dela, baina hori horrela izanik ere, hunkitzen nau ikustea hain bizirik dagoela. Oso urduri nago, Azorinek eta bere aktoreek egin dituzten moldaketak ezagutzeko irrikaz nago”.
HITZAri aitortu dionez, oso pozik dago Sastre Azorinek bere lehen lan handia Hondarribira ekarriko duelako. 2013n, eta Antonio Malondaren Bululu konpainiaren eskutik,
Lluvia de angeles sobre Paris ikusteko aukera izan zuen Itsas Etxean, baina oraingoan desberdintasun handi bat dago.
Escuadra hacia la muerte CDNren eta Pentacion ekoiztetxearen eskutik dator eta, ez da ohikoa hori, Sastrek idatzitako testu batek ekoizpen handi baten babesa lortzea. Egileak nabarmentzen duenez, Espainiako antzerkigintza komertzialetik aldenduta ibili da beti, baina hori, era berean, izan daiteke bere obrak bizirik irautearen arrazoia: “Ziurrenik izango da ni sekula ez naizelako kaskarkeria nagusi den Espainiako antzerkigintza komertzialaren arauen azpian jarri. Espainiako antzerkigintzak oso behean du sabaia, eta bertan sartzeko asko makurtu beharra dago, ia lurretik arrastaka ibili behar da, eta hori nik ez dut inoiz egin. Ez dago misterio handirik, ez dago beste arrazoirik azaltzeko nire obrak kaskarkeria eta konformismo itsaso horretan iraun izana”.
Bihar, larunbatez, izango da antzezpena, 20:00etan hasita. Espero zen bezala, sarrerak azkar ari dira saltzen (15 euroan eros daitezke Arma Plazako kultur eta turismo gunean, eta
Kutxabanken on line dendan), eta ez litzateke harritzekoa bihar baino lehenago agortzea. Ez da gutxiagorako. Maiatzean 65 urte beteko dira Alfonso Sastrek
Escuadra hacia la muerte idatzi zuenetik, eta bihar kultur gertakizun handia izango da Hondarribian, obra eta sortzailea, mitoa eta bere aita, berriro elkartuko baitira.