Artisau garagardoa izango da nagusi Ficoban asteburuan. Txingudi Beer Week-en barruko ekitaldi nagusiena izango da azoka, 20 partaiderekin.
Azokaren antolatzaile eta babesle nagusiak, gaurko aurkezpenean.
Asteburuan
Txingudi Beer Week egingo dute Ficoba erakustazokako hirugarren pabiloian, hau da, artisau garagardoaren azoka egingo dute.
Otsailaren 27tik ari dira egiten jarduera horren gaineko ekitaldiak, baina pisu handiena dutenak larunbatean eta igandean erakustazokan egingo dituztenak izango dira. Gaur aurkeztu dute feria Ficobako nahiz Irungo Udalak, eta jaialdiaren arduradunek.
Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta munduko garagardogileen eremu izango da Ficoba, hogei bat orotara. Postuetan horiek dastatzeko eta erosteko aukera izango da, baita horiek nola egiten dituzten jakiteko modua ere.
Barra ere jarrita izango da Ficoban, prestigio handiko garagardoekin antolatzaileek —Ficoba, Bidassoa Basque Brewery, Mala Gissona, Boulevard garagardotegia eta Estebenea jatetxea— adierazi dutenez. Hala, Italiako, Bretainiako, Eskoziako edo Herbehereetako ekoizleek egindakoa dastatu ahal izango da barra horretan: Free Lion, Moor, Tempest, De Molen…
Garagardoa baino gehiago
Artisau garagardoa dastatzeaz gain, Ficoban jendea gustura egotea da antolatzaileen asmoa. Horregatik hainbat jarduera osagarri izango dira azoka bitartean, hala nola hamar food truck (janari azkarra prestatzen duten ibilgailuak), musika, haurrentzako puzgarri eta tailerrak…
Jarraian, labur, azokaren xehetasun gehiago:
Ordutegiak
- Larunbatean (martxoak 4), 11:00etatik 00:00etara zabalik.
- Igandean (martxoak 5), 11:00etatik 21:00etara zabalik.
Prezioa
- Bost euro (edalontzi ofiziala barne)
Parte hartuko duten garagardogileak
- Arriaca, La Quince, Guineu, La Pirata, Populus, Little Bichos, Biribil Brewing, Bidassoa Basque Brewery, Mala Gissona, Laugar, Naparbier, Gross, Drunken Bros, Basqueland Brewing Project, Zarautz Beer Company, Sesma Brewing, Cerveza Artesana, Brew & Roll, Garagart, Bob’s Beer.