Sare Herritarrak manifestazioa egingo du bihar, Bilbon, euskal presoei ezartzen dizkieten salbuespen neurriak amaitzea eskatzeko. Oarsoaldeko eta Bidasoko herritar ugarik egingo dute bat mobilizazioarekin.
Salatzen dut dinamikarekin bat egin dute hondarribiarrek ere.
Milaka lagun bilduko dira bihar arratsaldean Bilbon, Sare Herritarrak deituta, 17:30ean Casillatik presoen eskubideen alde Euskal presoak Euskal Herrira. Giza eskubideak, konponbidea, bakea lelopean abiatuko den martxan. Euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legedia bertan behera uzteko, larri gaixo dauden presoak etxeratzeko, eta dispertsioa amaitzeko eskatuko dute.
Biharko martxarekin euskal presoen eskubideen alde «inflexio puntua» ezarri nahi du Sare Herritarrak, eta horretarako deia egin du, «milaka hatz salatzaile elkarrekin altxatu nahi ditugu helburu bera lortzeko: giza eskubideak, konponbidea, bakea».
2016ko urtarrilean Sare Herritarrak Bilboko kaleak bete bazituen ere, ordutik euskal presoen eskubideen egoera ez dela aldatu esan du taldeak: «Dispertsioak bere horretan jarraitzen du. Batez beste 63.000 kilometro egin behar dituzte familiek beraien senidea bisitatu ahal izateko. Larri gaixo dauden presoen kopuruak gora egin du, baita kondena beteta daukaten presoenak ere. Azken horiek kartzelan jarraitzen dute ez dizkietelako zigorren batuketak ezartzen».
22 euskal preso larri gaixo
Oarsoaldeko eta Bidasoko eskualdeko bizilagun askok bat egingo dute euskal errepresaliatuen aldeko mobilizazioarekin, Jaiki Hadi osasungintzako profesionalak biltzen dituen elkarteak, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) kideak gutxiago izan arren, inoiz baino preso larri gaixo gehiago dituela jakinarazi berri duenean.
Haien egoera are eta larriagoa dela esan berri du Fernando Arburua Jaiki Hadiren koordinatzaileak, besteak beste, haien adinagatik eta jasotzen duten tratuagatik: «Zaila izaten da mediku irizpideek lehentasuna izatea espetxeko autoritateen aldetik».
EPPK-ko kideen artetik hogeik 60 urtetik gora dituzte, eta horietatik hiruk, 70 urte baino gehiago. Gainera, preso asko dira 20 urteko espetxealdia gainditu dutenak. Bestalde, hamabi euskal presok dituzte gaixotasun larri eta sendaezinak. Horien artean da Aitzol Gogorza oreretarra. Nahasmen obsesibo konpultsiboa du Gogorzak. Hamazazpi urte daramatza espetxean eta duela 15 urte diagnostikatu zioten gaixotasuna. Ordutik hainbat aldiz ospitaleratu behar izan dute. Azken aldiz, joan den abenduaren 20an atera zuten ospitalera antsietate krisi baten ondorioz.
Hainbat iniziatiba eta mobilizazio egin dituzte Gogorzaren egoera salatzeko. Azkena, joan den abenduaren 31n Herriko Plazan egindako herri argazkia izan da, baina abenduan bertan, Aitzolen Azalera iniziatiba baraualdi-mintegia egin zuten Gogorzaren lagunek hura etxeratzeko ideiak bildu asmoz.
Txus Martin, Josetxo Arizkuren, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Gari Arruarte, Iñaki Etxeberria, Ibon Iparragirre, Ibon Fernandez Iradi, Jagoba Codo, Gorka Fraile, Joseba Borde eta Manu Azkaratek osatzen dute gaixotasun larriak dituzten euskal presoen zerrenda.
Beste hamar kasu gehiago daudela jakinarazi du elkarteak geroz eta helduagoa den kolektiboaren barruan. Hamar horiek ez dute argitara atera nahi euren egoera. Beraz, une honetan, 22 dira gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoak.
Europara
Testuinguru horretan Bruselara jo du aste honetan bertan larri gaixo dauden presoen gainean konpromisoak biltzera Etxerat-en delegazio batek. Preso horiek «berehalako irtenbidea» behar dutela eta, euren egoeraren berri ematen izan dira haien senideak eta Etxerat elkarteko ordezkariak Europako parlamentuan. «Berez euren egoera delikatua bada, egunez egun ari gara ikusten haien osasunak okerrera nola egiten duen», azaldu zuen Urtzi Errazkin bozeramaileak Donostian egindako agerraldian.
Lehen aldiz gainera, euskal preso batek, larri gaixo dagoen Josetxo Arizkurenek, Europako Giza Eskubideen Auzitegira eraman du sakabanaketaren kontrako auzia, Espainiako Estatuko auzibideak agortuta.
70 urtetik gorakoak
Gogorzarekin batera, beste euskal preso bat dago egoera berezian. Azken hori, Bidasoan. Emilio Castillo Gonzalez de Mendibil irundarra da. 70 urtetik gorako euskal presoen artean aurkitzen da. 75 urte ditu Castillok, eta Burgosko espetxean dago, Euskal Herritik 217 kilometrora.
Urtea amaitu aurretik zein urte berriaren hasieran mobilizazioak egin dituzte euskal presoek bizi duten egoera salatzeko eta biharko manifestaziora deitzeko Errenteria-Oreretan, Lezon, Oiartzunen, Pasaian, Irunen eta Hondarribian. Kasu batzuetan Sare Herritarrak deituta egin dituzte, eta beste batzuetan, Kalera Kalera preso ohiek bultzatutako iniziatibak deitutako ekitaldiak izan dira.
Urtero, data hauetan Bilboko kaleetan osatzen den argazkia errepikatuko da bihar, eta garrantzitsua izango da mobilizazioaren deitzaileen arabera herritarren aldetik jaso dezakeen erantzuna. Salatzen dut, Salatzen dugu esango dute isiltasunean bildutakoek hatz erakuslea altxata, salaketa moduan.
Biharko mobilizazioa, helmuga baino, indarrak hartu eta lanean jarraitzeko geltoki bilakatuko da, ordea. Euskal Herriko familia asko eta askok, tartean, Oarsoaldeko eta Bidasoko herrietako 22 presoenak, larri gaixo dagoen senidea espetxean bisitatzen, eta kilometroak egiten jarraitu beharko dutelako, dispertsioari aurre egiten.
22
Euskal Preso
Oarsoaldea eta Bidasoan 22 euskal preso daude. Errenteria-Oreretak biltzen du kopuru handiena, 11 dira bertakoak. Irunen bost dira; bina Oiartzun eta Hondarribian, eta bana, Lezo
eta Pasaian.
613,23
Kilometrora
Oarsoaldeko eta Bidasoko herrietako euskal presoak Euskal Herritik 613,23 kilometrora daude espetxeratuta batez beste. Bakarra dago Euskal Herriko espetxe batean, Basaurin, Aitzol Gogorza larri gaixo dagoen oreretarra. Hamasei Espainiako Estatuko espetxetan, eta bost Frantziako Estatukoetan.
Bilborako autobusak
- Errenteria-Orereta. Izena emateko zerrendak Landare, Reyna, Arkaitza, Sindikato tabernetan eta Xera Gastrotekan 10 euroan. Panierretik aterako dira autobusak, 15:30ean.
- Hondarribia. Izena emateko whatsappa bidali 650 98 47 45 telefono zenbakira. Autobusa Miramarretik irtengo da, 15:00etan.
- Irun. Izena emateko zerrenda Hazian eta Katea auzoko Elatzeta elkartean. Autobusa Bixera plazatik irtengo da, 15:00etan.
- Lezo. Izena emateko zerrenda Tiñelun. Autobusa kioskotik irtengo da, 15:30ean.
- Oiartzun. Izena emateko zerrenda Amazkar tabernan eta Garmendi txokolategian. Autobusa ikastolako aparkalekutik irtengo da, 15:30ean.
- Pasaia. Antxo. Goizeko autobuserako txartelak Danin; arratsaldeko autobuserako, Mimos, Kamio, Leunda eta Kurlinkan. Autobusak 11:00etan (goizekoa) eta 15:00etan irtengo dira Ibaiondoko geltokitik. Donibane: Itziar tabernan eta Bixi Bixin. Autobusa Meipitik irtengo da, 15:30ean. San Pedro: Zerrenda Antxetan. Autobusa frontoitik irtengo da, 15:30ean. Trintxerpe: Trintxer elkartean. Autobusa Dax tabernatik, 15:35ean.