Behobia-Donostia dela eta, trafikoan eta garraioan aldaketak igandean Irunen

Behobia-Donostia lasterketak trafikoan eta hiriko autobus lineetan izango du eragina, 09:00etatik 14:00etara batik bat.

Korrikalariak, ura hartzen, iaz, Colon pasealekuan

Korrikalariak, ura hartzen, iaz, Colon pasealekuan

Behobia-Donostia lasterketak Bidasoko eta Oarsoaldeko errepideetan eta garraio publikoan eragina izango du. Irungo Udalak oharra bidali du, lasterketak hirian nola eragingo duen jakinarazteko. Edonola ere, udalak irundarrei aholkatu die igande goizean autorik ez erabiltzea. Honakoak xehetasunak: Errepideak
  • Gi-636 errepidea, Osinbiribil eta Zaisa III biribilguneen artean, moztuta egongo da igandean 06:30etik 14:00etara. Trafikoa Nafarroa etorbidera (lasterketak ukituko ez dituen zatira) desbideratuko dute. Donostiara joateko AP-8 autobidea erabiltzea aholkatu du udalak.
  • Nafarroa etorbidea, Colon pasealekua, Gipuzkoa etorbidea eta Elizatxo etorbidea moztuta egongo dira igandean 09:00etatik 14:00etara.
Autobusak
  • L1 Linea, Zaisa-Ospitalea: lehen zerbitzutik 14:00ak arte, linea ez da Behobiara iritsiko, Osinbiribileko biribilguneraino iritsiko da. 09:00etatik 14:00etara, gainera, linea hori Ospitaletik Hondarribia kalera ibiliko da soilik.
  • L2 Linea, San Juan-Katea: 09:00etatik 14:00etara linea hau geldirik egongo da.
  • L3 Linea, San Juan-Artia, San Juan-Olaberria: 09:00etatik 14:00etara Nafarroa etorbidetik (joanekoan) eta Urdanibiatik (itzulerakoan) ez da pasatuko. Bide hau egingo du: Arbes (Azukaitz kalea), Uztapide Bertsolariaren kalea, Santa Elena zubia, Arbesko ermita eta Artia.
  • Lasterketaren bidean dauden geltoki guztiak ez dira erabilgarri izango.
  • Ordutegiak gutxi gorabeherakoak dira. Egunean zehar aldaketak izan litezke.
Aparkamentuak (09:00etatik 14:00etara)
  • Coloneko aparkalekua: sarrera itxita egongo da, eta irteera JR Agirretxe eta Joaquin Gamon kaleetara egin ahal izango da. Handik Pikoketa kaletik pasatu beharko da, anbulatorioraino, eta han udaltzainek bideratuko dute trafikoa.
  • San Juango aparkalekua: San Juan inguruko irteera eta sarrera itxita egongo dira. Prudencia Arbide kalean sarrera/irteera prestatuko du Udaltzaingoak, eta horien azalpenei kasu egin behar diete autoen gidariek.
       
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.