Bizikleta erabiltzaileei hainbat aholku eman dizkie Irungo Udaltzaingoak

Bizikleta gidarien, eta bizikleten segurtasuna bermatzeko dira aholku horiek.

txirrindulariak

Joan den asteburuan Irunen egindako bizikleta martxa.

Mugikortasunaren Astearen harira, bizikleta erabiltzaileek kontuan hartu beharreko hainbat arlo gogorarazi nahi izan ditu Irungo Udaltzaingoak. Arloaren udal ordezkari Lourdes Larrazak lehena eman du, oinarrizkoena: “Bizikleten erabiltzaileek semaforo, trafiko seinale eta zirkulazio neurriak errespetatzea beharrezkoa da”. Horrez gain, badaude Udaltzaingoaren arabera kontuan hartu behar diren beste hainbat arlo. Honakoak dira:
  • Bizikletan ibiltzerakoan sakelako telefonoa edo entzungailuak erabiltzea debekatuta dago.
  • Kaskoaren erabilera derrigorrezkoa da 16 urtetik beherakoentzat, beti. Adin horretatik gora dutenek aukerakoa dute kaskoa erabiltzea hiri barruan, baina hiri arteko errepideetan ezinbestean jarri behar dute.
  • Gauez edo argi gutxiko egunetan beharrezkoa da bizikletek duten argiztapen sistema erabiltzea: argi zuria aurrealdean, gorria atzealdean. Elementu islatzaileak ere erabili behar dira, eta gidariek ere arropa islatzailea erabili behar dute.
  • Txirrina eramatea beharrezkoa da. 30 kilometro orduko muga duten kaleetan bidearen erditik zirkulatu behar dute bizikletek.
  • Semaforo eta biribilguneetan txirrindularia ibilgailuen aurrean kokatu behar da, angelu itsuak saihesteko. Aparkatuta dauden autoetatik hurbil joatea ekidin behar da. Egin behar diren mugimenduak edo errail aldaketak esku seinala bidez adierazi behar dira.
  • Espaloi gainean bizikletarekin ibiltzea debekatuta dago. Oinezkoentzako eta bizikletentzako egokitutako guneetan, oinezkoek dute lehentasuna.
  • Bizikleta aparkatzerakoan, bizikletak ikusgai jarri behar dira, eta jendea dabilen eremuetan uztea gomendatzen da, giltzarrapo on batekin ahal bada.
  • Bizikletek identifikazio zenbakia dute koadroaren beheko aldean. Horri atera argazkia, edo nonbait apuntatu. Lapurretarik balego Udaltzaingoak aukera izango du hura errazago bilatzeko. Bizikleta erosterakoan, dendako fakturan eskatu zenbaki hori ager dadila, eta bizikletari ere argazkiak atera badaezpada.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.