Alarde parekideak txaloak eta animo oihu asko jaso ditu. Baina udaletxean, gobernu taldeko inork ez dio harrerarik egin.
Inma Landa parekidearen jenerala San Juan plazan sartzen.
Irungo alarde parekidea, publikoa, inolako arazorik gabe egiten ari da bere bidea. 10:20an egin dute arrankada San Martzial kalean, eta espaloiak jende lepo zirela iritsi da San Juan plazara. Han, Inma Landa jeneralak konpainiak ikuskatu, eta eskopeten ehunka tirokada ondoren hirira joan da alarde ez baztertzailea. “Bibak” eta txaloak, animo oihuak, izan dituzte emakume eta gizon soldaduek. Pozik dabiltza, harro.
San Juan plazan, udaletxearen atarian, harrera egin diote parekideari. Bertan izan dira Arartekoaren, Emakunderen, EH Bilduren (hirikoak eta Gipuzkoakoak), Ahal Dugu-ren, eta aldundiaren ordezkariak. Hala, Denis Itxaso (PSE-EE) Kultura, Turismo, Kirol eta Kooperaziorako diputatuak eman die hiriko bandera parekideko kideei: emakume soldadu batek jaso du, Bidasoa konpainiakoa. “Inprobisatua” izan omen da keinu hori, HITZAk jakin duenez. Irungo udal gobernu taldeko inor ere (PSE-EEk eta EAJk osatzen dute) ez zegoen alarde publikoaren zain, tartean, Jose Antonio Santano alkatea.
Arantxa Iraola BERRIA egunkariko kazetariak jaso duenez, ez ditu herritar guztiak gustura utzi Itxasok. “Zu ez zara Irungo alkatea. Non dago Santano?”, entzun behar izan du. Nolanahi ere, emakumezko soldadu batek bandera jaso duenean, txalo zaparrada handia izan da. Itxasok berak badaki gatazkatsua dela gaia, eta komunikabideen aurrean ez du adierazpenik egin; oharra kaleratuko duela jakinarazi du. “Ongi neurtu nahi ditut hitzak, ulertu ezazue”, esan du.