Udalak uko egin dio udaletxeko bakoi nagusian ortzadarraren bandera jartzeari. Erabaki horren kontra elkarretaratzea egingo dute San Juan plazan, ekainaren 28an, 18:30ean.
LGTB bandera.
Irundar talde batek eskatu du udaletxean, “denona den etxean”, gay, lesbiana eta transexualen eskubideen aldeko bandera jartzea ekainaren 28an. Udaleko bozeramaileen batzordeak erabaki zuen aurten ere udaletxea ez den toki batean jartzea bandera hori, aurtengo kasuan Ospitale Zaharrean.
Horren kontra dago irundar talde hori, eta horregatik, hilaren 28an (asteartea) Gay, Lesbiana, Transexual eta Transgeneroen Nazioarteko Egunean, elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak San Juan plazan, udaletxearen parean, 18:30ean.
Gora askatasun sexuala! Hautsi mugak! leloa erabiliko dute mobilizazioari zentzua emateko.
Bandera udaletxean jartzeko eskaera egin zuten herritarren ustez, ez da zilegi “bigarren mailako udal eraikin batean” jartzea ortzadarraren bandera, “gay, lesbiana eta transexualak zer gara, Real Union baino gutxiago? Bigarren mailako hiritarrak? Aski da jaien argudio edo aitzakia erabiltzea bandera udaletxeko balkoian ez jartzeko”.
Irundar horiek oroitarazi dute, duela 23 urte eman ziotela aniztasun sexualaren bandera udalari —orduan EHGAMeko militanteak ziren bandera hori udalaren esku utzi zutenak—, eta behin ere ez dutela udaletxean jarri ekainaren 28aren harira, “bere horretan jarraitzen dute gaur egun, eta inoiz baino zilegizkoa iruditzen zaigu ekainaren 28an, denona den etxean gure eskubideen aldeko bandera egotea. Eskatu baino, exijitu egiten diogu Jose Antonio Santanori, diskriminazioarekin amaitu eta bandera dagokion tokian jar dezala”.