Irungo Bilgune Feministak jaiak gozatzeko eta ondo pasatzeko direla adierazteaz gain, horrelakoetan ematen diren sexu erasoen kontrako kontzientziazioa zabaldu nahi du.
Bilguneak Frida Kahloren irudiarekin eta leloarekin materiala banatuko du jaietan.
Sanmartzialen atarian, kontzientziazio kanpaiona baten berri eman du Irungo Bilgune Feministak.
Jaiak, zertarako nahi zaituztet gozatu ezin badut? leloarekin, jaiak gozamenerako eta ondo pasatzeko eremu direla aldarrikatuko du Bilguneak, “zein tristea den oraindik horrelako eskaerak egin behar izatea, ezta?”, esan dute. Jaiak “ahalik eta parekideenak, gozagarrienak eta askeenak” izan daitezen lan egingo du Bilguneak. Kanpainaren leloa Frida Kahloren esaldi batetik abiatuta egin dute bere; kanpainako irudia Kahlorena da ere. Bertan parte hartu du Bilguneaz gain, Irungo neska gazte talde batek.
Bilgunearen arabera, jaietan eta beste edozein tokitan emakumeek “ez” esaten dutenenean, “ezezkoa” da: «Nik nire buru eta gorputzarekin nahi dudana eta nahi dudanean egingo dut”. Hala, mezu hori sinplea bada ere, taldeak uste du badirela hori errespetatzen ez duten herritarrak, “eta horretarako, kontzientziazioa eta eztabaida sustatzeko kalean egongo gara”.
Sanmartzialetan zehar hiru egunetan aterako dira kalera, euren kanpaina zabaltzeko. Honakoak dira egun horiek:
- Hilaren 23an (osteguna), 21:00etatik 22:30era Urdanibia plazan.
- Hilaren 25a (larunbata), 11:00etatik 12:30era Urdanibia plazan.
- Hilaren 28an (asteartea), 18:00etatik 19:30era San Juan plazan.
Sexu erasoak
Bilguneak ere gogoeta egin du azken egunetan Bidasoan izan den albiste baten harira. Ustez, Burundanga izeneko drogaren eraginpean lau emakumeri sexu erasoa egin diete azken egunetan Bidasoan. “Albiste hauek guztiz egiaztatu ez badira ere”, esan dute Bilguneko kideek, “garrantzitsua da sortu duen alerta egoera aintzat hartzea, prebentzioa baita neurririk onena”. Horrela, jaietan gozatu bai, baina “ahal bezain beste” neurri hartzeko, jaiak elkarrekin gozatuz eta zainduz” eskatu du taldeak.
Hein berean, Euskal Herrian azken orduetan indarkeria matxistak hil dituen emakumeen eta haurren aldeko, eta emakumeen kontrako indarkeria salatzeko Txingudi Anti Sexistak deitu dituen mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.