Hegada zabaldu du Antxetak
Irrati lizentzia du Antxeta Irratiak lau urte luze ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia emanda. Behe Bidasoaz gain, Oarsoaldean, Donostialdean eta Buruntzaldean entzun daiteke
Gipuzkoan modu legalean arituko den irrati komunitario bakarra da Antxeta Donostialdeaz gain Oarsoaldean eta Buruntzaldean emisioa egingo duIrrati komertzialek proiektu komunitarioek baino bitarteko gehiago eta handiagoak dituztenez, gertuko frekuentzia bat hartuz gero besteen lana zapaldu eta estaltzea dute, «horri beldur handiagoa diogu egoera alegalean gaudenean, instituzioei edota itxiera bortitz bati baino. Halako egoera batean, irrati komunitarioek ezin dugu inora jo, ez dugulako frekuentzia hori gurea dela dion dokumenturik». Antxetak badu orain. Irrati komunitarioentzat berri ona izan bada, Antxetaren lorpena Arrosa sarearentzat ere berri ona izan dela zalantzarik ez du Zapirainek, «gaian sakondu ez badugu ere». Lorpenak, ordea, agerian utzi du lan handia dagoela oraindik ere egiteko «frekuentziak noizbait lehiaketara atera ditzaten gogor lan egin beharra dago, eta nahitaez kopuru bat irrati komunitarioentzat erreserba daitezen lortzeko». Frantziako Estatuan hala egiten dutela, baina ez Espainiako Estatuan esan du Zapirainek, «oihan modukoa da irrati frekuentzien gaia, sudur puntan jartzen zaiena egiten dute eta». Irrati lizentzia eskuratuta, Antxeta entzuten den herri bakoitzeko eragileekin biltzen hasi nahi dute orain irratiko kideek, barne prozesua eginda. Ez dute erronka makala. Tokian tokiko eragileek irratia «berea» sentitzea ezinbestekoa dela argi dute, «beharrezkoa da lan hori egitea. Lan hori ez badugu egiten, ez gara irrati komunitarioa izango. Ez egitea litzateke errazena, baina orduan, iruzur egiten ariko ginateke». Programazio berezitua Programazioari dagokionez, berriz, aldaketak aurreikusi dituzte, «tokian tokiko beharrak asetzeko programazio berezituak sortu beharko ditugu. Hori da asmoa». Halere, egunero era naturalean lantzen duten Ipar Euskal Herriko informazioa beste txoko hauetara zabaldu nahi dute, «iparraldeko albisteak ez direlako lantzen hegoaldeko komunikabideetan ez badira oso garrantzitsuak, edo oso bitxiak». Data zehatzik ez badago ere, programazioak epe laburrean bereiziko dituztela esan du Zapirainek. Lau langile ari dira une honetan Antxeta Irratian, eta emisioa, berriz, hamazazpi ordukoa dute, «Euskal Irratien sarearen bidez goizeko seietan hasi eta gaueko hamaikak arte daude saioak gurean». Lau langile horietaz gain, bi pertsona gehiago aritzen dira irratian. Europako Zerbitzu Boluntario Sistemaren barruan daude, eta horren bidez urte osoan zehar bi pertsona gehiago aritzen dira proiektu zehatzak garatzen. Horietako askok herri mugimenduan lan egiten dutela nabarmendu du Zapirainek. Hamabost urte daramatza emisioa egiten Antxeta Irratiak, eta urte luze hauetan izandako aldaketez ere mintzatu da irratiko kidea: «Nik hamar urte daramatzat bertan, baina argi dut barne mailan talde egonkorra lortu duela proiektuak. Euskal Irratien Sarean ere buru-belarri sartuta dago, Arrosa sarean bezala». Irratiak Behe Bidasoa eskualdeari kohesioa, benetako lotura eman diola sinistuta dago Zapirain, «lehen ez zegoen, eta ez dut uste Santiago zubiko aduanako kasetak kenduta lortu denik soilik. Hiru herrien arteko lotura sendotu egin da, jendea naturalki doa Hondarribira antzerkia ikustera, eta Hendaiara hondartzara edota erosketak egitera». Antxeta arreferentziala dela argi du, «guk ere sinistu dugu tresna garrantzitsua dugula esku artean, eta horri heldu behar zaio». Nerabezaro bete-betean da irratia, 15 urte egin zituen joan den otsailean eta horren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte irratiko kideek. Hilabete honetan bertan itxiko dute egitaraua eta denetarik antolatu dute: kontzertuak, Luz de Putas taldeak abestia egin die, mahai-inguruak, Behe Bidasoko artisten lanen erakusketa… Antxetak dituen lau lan ildoetan oinarrituta antolatu zuten egitaraua: parekidetasuna, kultur aniztasuna, hizkuntza normalizazioa, eta eskualdearen kohesioa. Egitarau xumea izan dela, baina egindakoarekin eta jasotako erantzunarekin pozik esan du Zapirainek. Kazetaritza «anitza» Bidea egiten ari da Antxeta Irratia eta bide horretan gauza ugari aldatzen ari direla jabetu da, «zaila zen garai batean hitz egiteko euskaldun bat topatzea. Gaur egun ez dago inolako zailtasunik, eta hori, sekulako urratsa da Irunen. Hendaian oraindik ere zoritxarrez kosta egiten da. Ohartu gara, ordea, kontuan hartzen dutela eragileek, elkarteek eta abarrek euskaldun bat behar dutela, bestela Antxeta irratian ez direlako aterako. Horrek ere eragin du aldaketa, eta guk ere eragin dugu neurri batean, beraz».
Hamabost urte daramatza Antxeta irratiak emisioa egiten Behe Bidasoan Irratiak Behe Bidasoari kohesioa eman diola sinistuta dago Zapirain