Irun Rock musika jaialdiaren larunbateko kontzertu nagusian 400 ikusle bildu ziren Ficoban.
Triangulo de Amor Bizarro, larunbat gauean, Ficoban
Joan den asteburuan egin dituzte Irun Rock jaialdiaren kontzertuak. Ostiralean hiriko hainbat tabernatan egin zituzten kontzertuak, eta larunbateko saio nagusian, Ficoban, 400 lagun bildu ziren zazpi talderen kontzertuak entzutera. “Giro ona eta taldeen maila handia” izan direla adierazi du Iñaki Estevezek, Irun Rock-en zuzendariak.
Hortaz, Men Of Rock Musika Elkarteko kideek (Irun Rock antolatzen dute, udalarekin elkarlanean), bukatu berri den zazpigarren ekitaldiaren balorazio baikorra egin dute. Esan dutenez, daten aldaketa nahiz programazioa aproposak izan dira, “musika jaialdien panoraman egonkortu da, beraz, jaialdia”. Hortaz, antolatzaileek bai musika taldeei, bai lanean ibili zirenei eskerrak eman dizkiete, “azaldutako profesionaltasunagatik”.
Irungo Udaleko Kultura ordezkari Juncal Eizagirre ildo horretatik abiatu da jaialdiaren balorazioa egiteko, “jaialdia hirian zeharo txertatua dago, eta jendea erakartzeko ahalmena du, ez bakarrik Irun ingurukoa, beste herrietakoa ere”.