Irungo udalak baiezkoa erabaki arren, Villarrobledokoak ez du nahi Irunekin senidetu. EH Bilduk prozedura bat eskatu du horrelakoak gerta ez daitezen.

Irungo EH Bilduko hautetsiak: Izaskun Sorondo, Oinatz Mitxelena eta Jokin Melida.
Martxoaren 30eko udalbatzan Irungo zinegotziek onartu egin zuten Villarrobledo herriarekin (Albacete, Espainia) senidetzea. Gaia apirilaren 29an landu zuten Albaceteko herriko osoko bilkuran: ezezkoa atera zen han. Horren harira, EH Bilduren udal taldeak senidetzeen gaineko prozedura baten beharra dagoela uste du: “Honek guztiak errudun bakarra dauka, Jose Antonio Santano alkatea”.
Koalizioko kideen ustez, alkateak “hainbatetan salatu ditugun funtzionatzeko moduak” erabili ditu Villarrobledoko senidetza kasuan, “bere interesak interes orokorren gainetik jarri ditu. Baina oraingoan emaitza negatiboa izan da, eta ez soilik alkatearentzat, baita Irungo herriarentzat ere, ezezkoarekin pairatu behar izan duen lotsarengatik”.
EH Bilduk ez du hori errepikatzea nahi, horregatik senidetzeen gaineko prozeduraren eskaera alkateari, “osa dezagun guztion artean senidetzetarako adostutako prozedura bat”.
Villarrobledoren ezezkoaz
Irungo gobernu taldeak Villarrobledorekin senidetzeko argudiatu zuen arrazoi nagusia izan zen bi hirietako festetako egun handian
Diana de Villarrobledo izeneko kantua jotzea dela ohitura
. Horrez gain, Gaztela Mantxako herriarekin hainbat elkartruke egin zitezkeela ere defendatu zuten senidetzearen aldekoek, gastronomia, kultura, turismo edo kirol arlokoak, kasu. Aurrera atera zen Irunen proposamena.
Ez Villarrobledon.
Villarrobledodiario.com atarian agertzen denez, bertako PSOEko (alkatetza du) bederatzi zinegotziek egin zuten senidetzearen alde, PPren hamarrek eta IU-Ganemos alderdiko bakarrak kontra, eta Podemosek abstentziora jo zuen.
Hala, han, senidetzearen aldekoek, Irungoen argudio berberak erabili zituzten udalbatzako kideen aurrean. Oposizioak gogor egin zuen horren kontra, ordea. Hala, PPk Espainiako herri horretan duen udal bozeramailearen arabera, senidetze proposamenaren oinarria zen bi hirietako alkateak PSOEkoak zirela, eta gainera eskatu zion herri horretako alkateari Jose Antonio Santano eta Eusko Legebiltzarreko kide batek eragin zituzten 600 euroko gastuak —Villarrobledoko jaien pregoia eman zuen Santanok— bere sakelatik ordain zitzala. PPren eledunak kritikatu zuen Villarrobledoko alkatearen erabaki hori “alde bakarrekoa eta partidista” izan zela.
Azken baieztapen hori bere egin zuen Podemosek Villarrobledon duen zinegotziak, eta Irunekin senidetza egiteko arrazoiak “barre egiteko modukoak” zirela esan zuen.
IU-Ganemoseko kideak, bere aldetik, adierazi zuen, senidetza proposamena “ekitaldi kulturala baino, politikoa” zela.