Festetako kartel lehiaketa azken fasean sartu da. Hilaren 16ra arte dute epea irundarrek irabazlea zein izango den erabakitzeko
Amaia KZn jarriko dituzte ikusgai kartel guztiak. Herritarrek botoa emateko epea zabalik da.
San Pedro eta San Martzial jaietako kartel lehiaketara aurkeztutako 37 proposamenetatik bost aukeratu ditu azken faserako epaimahaiak. Orain, bost horietatik irabazlea zein izango den erabakitzeko unea iritsi da: Internet bidezko bozketa bidez hautatuko dute irundarrek jaietako kartela.
Hilaren 16ra arte eman ahal izango dute botoa irundarrek
udalaren webgunean. CBA udal liburutegian egokitu duten gune batean ere eman daitezke botoak. Hau da, herritarrek erabakiko dute zein den irabazlea.
Bost dira finalera iritsi diren proposamenak:
Cantinera,
Gora Irun,
Hitzez hitz, gora San Martzial,
La flautista y la cantinera eta
San Mortxis.
Kartel horiek, nahiz lehiaketara aurkeztu diren beste 32ak Amaia KZn jarri duten erakusketan ikus daitezke.
Kartel irabazlea egin duenak 1.000 euroko saria jasoko du. Epaimahaia osatu duen batzorde artistikoak 200 euroko akzesita emango dio beste lau lanen artetik onena deritzonari.