Apo lasterkaria behatzeko irteera egingo dute bihar, eta etzi, haren aldeko ekintzak egingo dituzte euren habitataren inguruan

Apo lasterkaria
Apo lasterkariaren (
Bufo calamia) habitata hobetzeko auzolana antolatu du Aranzadi Zientzia Elkarteak biharko (ostirala) eta etzirako (larunbata) Jaitzubiko paduretan. Bihar gauean espeziea ikusteko eta entzuteko irteera egingo dute, 21:30ean San Joakin aintzirako aparkalekutik abiatuta. Eta etzi, apo lasterkariaren kontserbaziorako ekintzak burutuko dituzte; leku berean geratu dira, 10:00etan.
Informazio gehiago izateko eta izena emateko, bisitatu
www.aranzadi.eus webgunea.
Arriskuan dauden EAEko Espezien katalogoan «kaltebera» gisara izendatuta dago apo lasterkaria, eta, Gipuzkoan, Txingudiko hezeguneetan baino ez da bizi. Badira hamar urte Aranzadi Bidasoko populazioa aztertzen ari dela eta Irungo Plaiaundi, Osinbiribil eta Arbesen espeziearen ugalketa errazteko putzuak sortu dituzte. 2014an Bidasoaldeko Ospitaleko biribilgune berria egokitu zutenean ere, apo lasterkariaren populazioa zaintzeko neurriak hartu zituzten, Hondarribiko Udalak adierazi duenez: «Konpentsazio neurriak proposatu ziren espezieari eragindako kaltea txikitzeko. Hamar putzu sortu ziren eta drainatzeko ubide bat egokitu zen».
Ugalketa handitu da
Aranzadik jakinarazi duenez, boluntarioekin sortutako zazpi putzutan gutxienez ugaldu egin da espeziea: «Hormigoiarekin iragazgaiztutako putzuen kasuan eta drainatze ubidean apoa egoki ugaldu da».
Espainiako Herpetologia Elkartea da apo lasterkariaren gaineko informazio gehien duen erakundea. Horregatik, haiekin harremanetan dago Aranzadi uneoro. Udalak ere zaintza hitzarmena sinatu du berri du haiekin.
Hitzarmenaren arabera, udalak kudeaketa lanak egingo ditu, Aranzadiren laguntzaz, paduretatik hurbil dauden uzta-larreetan, putzuen eraginkortasuna bermatzeko.