Irundarren botoei esker hautatu dituzte festetako taldeak. Vendetta izan da boto gehien jaso dituen taldea.
Ekainaren 23an joko du Vendettak Urdanibian
Bukatu da irundarrek San Pedro eta San Martzial jaietarako kontzertuetarako taldeak aukeratzeko zuten epea. Jada ezagunak dira Urdanibia plazako hiru kontzertu nagusietan izango diren talde buruak: ekainaren 23an Vendetta nafarrek joko dute euskal taldeen kontzertuan, ekainaren 25ean Descanso Dominical bandaren txanda izango da (bertsioak egiten dituzten taldeen eguna da, kasu honetan Mecanorenak), eta ekainaren 28an (horretan Espainiako Estatuko taldeentzako txokoa egin zuen udalak) Efecto Pasillo izango da talde nagusia.
Talde horiek Internet bidez egindako bozketan hautatu zituzten irundarrek, hilaren 23raino. Hala, Juncal Eizagirre Kultura ordezkariak esan du orotara 2.362 boto jaso zituztela udalak jarritako taldeen zerrendatik gustukoenak hautatzeko —hiru kategoriatan—. Boto gehien Vendettak jaso zituen, 602 orotara.
Hiru talde nagusi horiek Irungo taldeekin batera joko dute egun zehatz horietan, eta tokiko taldeak izango dira telonero. Horien bozketa egin da ere, baina oraindik datuak aztertzen ari da udala.
Kultura saila jada hasi da boto gehien jaso dituzten taldeekin hartuemanean kontzertuen baldintzak zehazteko.