Irungo Udalak gogorarazi du emakumerik gabe ezin dela demokraziarik eraiki, eta horretarako beharrezko neurriak hartzeko konpromisoa eskatu die erakundeei.
Hamarnaka lagun bildu ziren atzo iluntzean, Zabaltza plazan, parekidetasuna aldarrikatzeko.
Egunero beharko luke martxoak 8 izan lelopean elkartu ziren, Emakumeen Eguna zela kontuan hartuta. Bertan izan ziren udal ordezkariak, Sergio Corchon Berdintasun zinegotzia kasu, baita beste talde politikotako kideak ere.
Martxoaren 8aren harira, adierazpen instituzionala ezagutzera eman zuen atzo udalak, aho batez onartutakoa. Hala, emakumerik gabe demokrazia ezin daitekeela eraiki gogorarazi zuen, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak hartu behar direla adierazi du udalak.
Horrez gain, emakumeek pairatzen jarraitzen duten indarkeria ere salatu du: “Bizitza pribatuan zein publikoan emakumeen aurka egiten diren indarkeria forma guztiak ezabatu egin behar dira”. Ildo horretatik, erakundeei genero indarkeria prebenitzeko eta horren biktima izan diren emakumeak babesteko neurriak hartzeko eskatu die.
Berdintasuna, agenda politikoaren erdian
Tokiko erakundeei nahiz aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Europako estatuei berdintasunaren alorrean benetako konpromisoa hartzeko eskatu die, agenda politikoaren erdian kokatuz. Tokiko erakundeei, hala nola, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasuna Lortzeko Europako Gutuna sinatzeko galdegin die, eta neurri zehatzak hartzeko eskatu die.
Azkenik gerra eta jazarpenetatik ihesean datozen errefuxiatuen arten emakume eta haurren behar espezifikoak kontuan hartzeko beharra nabarmendu du
Martxoak 8aren harira egindako elkarretaratzea, Zabaltza plazan.