ELA sindikatuaren arabera, Berakoa ez zen izan trafiko istripu soila, "lan istripua izan zen"
Ostiralean, Beran,
irundar bat hil egin zen trafiko istripuan, lanean ari zela. Banaketako langilea zen 42 urteko Asier Martiarena —Irungo Euskal Jiraren presidente zen aldi berean—. ELA sindikatuak lan istripu hori salatzeko elkarretaratzea egingo du bihar (asteazkena), 13:00etan Behobiako N-121 errepideko biribilgunean, IAT estazioaren eta EHT hotelaren ondoan dagoen biribilgunean, alegia. Sindikatuak dolumina agertu die hildakoaren senide, lagun eta lankideei.
ELAren arabera, eta N-121 errepidearen trafiko dentsitatea handia dela onartu arren, ostiraleko istripua “lan istripua” izan zen, “ez trafiko istripu soila”.
Horregatik, dagokion erakundeei —ITSS eta Osalan— istripua iker dezatela eskatu die, “jakiteko zergatik gertatu zen istripua, nork bere ardurak har ditzan”. ELAk esan duenez, 42 urteko irundarra autonomoa zen, Berlys Corporación Alimentariak azpikontratatua (Lasa okindegia) haien produktuak banatzeko. Eta sindikatuaren arabera, gisa horretako banatzaileen lan erritmoa “gehiegizkoa” izaten da, “bukaerarik ez duten lanegunak dituzte”.