Laguntzak beharrezko direla sinetsita, horien hainbat alor aldatu behar direla uste du. Parte hartze prozesua planteatu du EH Bilduk aldaketak proposatzeko.
Eskola materiala erosteko diru laguntzen partida jaitsi egin dela salatu du EH Bilduk
EH Bilduren udal taldearen ustez, udalak aurten ere eskola materiala erosteko eman dituen diru laguntzak “sinbolikoak baino ez dira”. Horrelakoak beharrezkoa direla uste du, baina argudiatu du adabakia direla laguntzak, esanaz, laguntza eskatzeko gastua justifikatu behar dela faktura bidez, hau da, lehenik gastua egin behar dela eta ondoren fakturak aurkeztu, “kasu batzuetan dirua aurretik jartzea ezinezkoa da. DBE batekin dauden familiei, edo beste laguntza sozialak dituztenei, ez zaie alternatiba errealik eskaintzen, eta eskola materialaren fakturari aurre egitea ezinezkoa zaienez, ongizate erakunderen batera jotzen dute”.
Hori bakarrik ez. Laguntza horiek noiz iristen diren ere kritikatu du EH Bilduk. Izan ere, gehienezko sei hilabeteko epea du udalak onartu diren eskaerei laguntza emateko, “hau da, udaberria laguntza baino lehenago iritsi daiteke”. Eta laguntzaren zenbatekoa familien urteko errentaren arabera emango direnez, koalizioak esan du familietako kideen kopurua hartu behar dela kontuan (kasu honetan adingabeena), ez errenta soilik.
Bertako komertzioaz gogoeta
EH Bilduren ustez, udalak abian jarritako egitasmo horren oinarrietan, eskola material erosketa hiriko tokiko dendetan egin behar dela azaldu beharko luke, “gertuko komertzio txikiak ixtera behartu dituzten merkataritza zentro handietan erostea onartzen da. Bitxia da udal gobernu honek bertako komertzioaz zer ulertzen duen”.
Gainera, laguntza horietarako diru partidaz ere mintzo da. Hala, iaz, horretara 300.000 euro bideratu zirela esan du, horietatik 91.000 erabili zirelarik. Aurtengo partida 200.000 eurokoa da, “jakin gabe oraindik gastua zein izango den”. Horregatik laguntza igo dezan eskatu dio udal gobernu taldeari, “eta bide batez, ez legoke gaizki laguntza ukatu zaien 200 familiatik gora horiei erabaki horren arrazoiak jakinaraziko balizkiete”.
Hori guztia dela eta, parte hartze prozesua abiatu nahi du alderdiak hiriko eragile sozial, hezkuntza eragile eta merkatariekin batera, “familien benetako beharrak eta kasuak sakon aztertzeko, eta datorren kanpainarako deialdiaren birplanteamendua exijitzeko”.