Ikust Alaia eremuko 2.500 metro koadro erabiliko dituzte 'L' formako etxebizitza eraikina egiteko, nahiz erabilera publikorako zonaldea atontzeko.
Ikust Alaia eremuan, hiriko liburutegi zaharra
Urriko udalbatzarrean onartuko dute Ikust Alaia eremuko 2.500 metro koadrotan etxebizitzak egitea. Gobernu taldeak plenora eramango du horretarako propio landu den plan berezia; hortaz, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin gutxienez plan berezi hori onartu, eta etxebizitzak egingo dira bertan. Lan horiek 2015eko urtarrilean onartutako plan orokorraren barruan daude.
Gaia plenora eramango dela Xabier Iridoy Hirigintza eta Etxebizitza ordezkariak jakinarazi du. Etxebizitzak egiteaz gain, espazio publikoak ere egingo direla jakinarazi du udal ordezkariak.
Etxebizitzak hartuko dituen eraikinak ‘L’ itxura izango du, Aldapeta kalearekin eta Ikus Alaia finkarekin lerrokatua, “horrela, bertan dauden eraikinetatik urrun egongo da, beraz, horien argiztatzea eta pribatutasuna errespetatuko da”, esan du Iridoyk.
Esan bezala, exekuzio egitasmoaren barruan, 800 metro koadroko zonalde berdea aurreikusi dute eremu horretarako, eta herritarren erabilerarako espazio publikoen eremua 1.000 metro koadrokoa izango da orotara. Aldi berean Joaquin Gamon eta Kale Nagusia kaleen arteko pasabidea zabalduko da behin lanak egiten direnean.
Lanen barruan genero ikuspegia kontuan hartuko dela esan du Iridoyk: ez da puntu ilunik egongo, eta parametro gardenak ezarriko dizkiete atariei, bai kanpoaldetik zein barrualdetik ikuskera zabala izan dadin.