Etzi, Donibane Lohizune-Hondarribia 21,1 kilometroko herri lasterketaren hemezortzigarren ekitaldia egingo dute. Dortsalak agortu egin dira, 2.500 lasterkaritik gora izena eman dutelako. Euskal Herriko maratoi erdia da.
Artxiboko irudian, korrikalariak Hondarribiko Kale Nagusian
Etzi, igandea, maratoi erdi batek Donibane Lohizune eta Hondarribia lotuko ditu, Euskal Herriko Maratoi Erdiaren XVIII. ekitaldiak. 21,1 kilometroko proba da, 11:00etan hasiko da Donibane Lohizuneko Thiers kaletik, eta 2.500 korrikalari baino gehiagok parte hartuko dute. Dortsalen muga agortuta dago, hau da, egun hauetan izena eman nahi dutenek itxaron zerrendara joan beharko dute (jada 200 pertsona baino gehiago daude zerrenda horretan). Hondarribia Kirol Taldeak eta Ur Jokok antolatu dute, aurten ere, proba.
Donibane Lohizune-Hendaia-Urruña-Irun-Hondarribia bidea egingo du lasterketak, 400 metroko gora-behera metatuarekin (batez ere lehen hamar kilometroetan dago gora-behera). Hondarribiko Kale Nagusitik pasatu ondoren, San Pedro kalean bukatuko da lasterketa. Ez da bereziki ibilbide azkarra, bereziki lasterketaren lehen zatia itsasoaren ondoko bidetik egiten delako, haizearen eragina nabaritu daitekeelarik.
Aurten bada berritasun bat: txipa dortsalean eramango dutela korrikalariek. Baina berritasunez gain, aipatzekoa da proba antolatzen boluntario lanean dabiltzan guztien lana, proba hasi aurretik, bitartean eta ondorenean. Horrez gain, antolatzaileek eskertu dute Alkain, Dinuy eta Alcampo babesleen laguntza, eta aldi berean, iragarri dute izen emateekin lortutako diruaren soberakina Gipuzkoako Elikagai Bankura bideratuko dela. Gainera, Luis Sanchez
Lusan eta Javier Intxausti gogoan izan dituzte antolatzaileek, urte luzez probaren arima izan direlako.
Beste datu bat eman dute antolatzaileek, emakumeen parte hartzeari dagokiona: gisa horretako lasterketetan emakumeen partaidetza %20 ingurukoa bada ere, Donibane Lohizune-Hondarribian %25etik gorakoa izango da.
Dortsalak eta autobusak
Gaur, bihar edo etzi jaso behar ditzakete parte hartzaileek dortsalak. Horrela:
- Gaur (ostirala), 19:00etatik 20:00etara Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan.
- Bihar (larunbata), 10:00etatik 13:00etara, eta 15:00etatik 18:30era Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan.
- Etzi (igandea), 07:30etik 08:45era helmugan (Hondarribiko San Pedro kalean), eta 09:30etik 10:15era irteeran (Donibane Lohizuneko Thiers kalean).
Bestalde, iganderako, Hondarribitik irteerara joateko autobusak prestatu dituzte antolatzaileek. Hiru txandatan, bosna autobus aterako dira irteerara (izena ematerakoan adierazi behar zen zein ordu hartu, nahiz autobusaren beharra): 09:00etan, 09:30ean eta 10:00etan aterako dira autobus horiek irteera aldera (txanda bakoitzean 270 plaza daude) Yola Berri jatetxearen paretik. Bestalde, 14:00etan, Hondarribitik Donibane Lohizunera autobus bat abiatuko da, sarien banaketaren ondoren.