Tailerrak beteta, Kontenporanean

Kontenporanea arrakasta bat izan da, udalaren esanetan, eta bi egunetan egindako saio guztiak "beteta" egon direla jakinarazi du.

Dantza garaikidea ikusteko aukera izan zen Kontenporanean

Dantza garaikidea ikusteko aukera izan zen Kontenporanean

Kontenporanea arrakasta bat izan da, udalaren arabera. Joan den asteburuan egin zuten arte garaikideko artisten topagune hori Carlos Blanco Aginaga CBA liburutegian, eta bi egunetan 2.000 lagunetik gora pasatu zirela kalkulatu du udalak. Horrez gain, egin zituzten erakusketa, aurkezpen, kontzertu eta tailer guztiak “beteta” izan zirela jakinarazi du. Kontenporanea, besteak beste, eskualdeko artisten erakusleiho izan da. Hamabost artistek parte hartu zuten proiektuan, eta euren lanak erakusteko baliatu zuten. Erakustaldietako bat Arteklabeko Jaime de los Riosena izan zen. Berak hiru dimentsioetako munduaren berri emateaz gain, droneak erabili zituen. Hitzaldiei dagokionez, hainbat artisten sormen prozesua ezagutzeko aukera izan zen, hala nola, Judas Arrieta, Miriam Isasi eta Zuhar Iruretagoiena. Tailerrak era guztietakoak izan ziren: soinu inprobisazioan aritu zen Ainara LeGardon, iluntasunean efektu bisualak egiten Rafa Rodrigo, ilustrazioan Mai Egurza, komikigintzan Joseba Larratxe eta argazkilaritzan Thais R. Varela. Kontzertuak eskaini zituzten, bestalde, Zarzaparrilla eta Cobirds taldeek. Gainera, dantza garaikidearen erakustaldi bat eman zuen Cielo Raso taldeak.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.