Garaiz detektatuz gero bularreko minbizia sendatzen dela esan dute.
Antolatzaileak, Kasino Zaharreko balkoian, aurkezpenaren ondoren
Hilaren 19ean izango da Bularreko Minbiziaren Kontrako Eguna, eta Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteak (
AECC), Hondarribiko Udalak, Emeki elkarteak eta Kattalin bularreko eta ginekologiako minbiziagatik eragindako emakumeen elkarteak egitarau bateratua prestatu dute. Gaixotasunaren kontrako jardunaldia astelehenean izanagatik, aurretik mobilizatuko dira, eta ostiral eta larunbaterako zenbait ekitaldi prestatu dituzte.
Gaur aurkeztu dute Bularreko Minbiziaren Kontrako egitaraua, Kasino Zaharrean. Bertan izan dira Maider Sierra Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteko psikologoa, Maite Pelaez Gizarte Zerbitzuetako aurreko zinegotzia —egungoa, Arantxa Berrotaran, ikastaro batean zegoen—, Ascen Oskoz Emekiko kidea, eta AECC nahiz Emekiko beste hainbat kide.
Sierrak prebentzioaren aldarria egin du, bularreko minbizia garaiz aurkituz gero, sendatzen delako: “Modu goiztiarrean detektatu daiteke, eta sendatu. Geroz eta kasu gehiago sendatzen dira, baina horretarako detektatu behar dira”. Horregatik, mamografien eta autoesplorazioen garrantziaz ohartarazi du psikologoak. Emekiren izenean, hondarribiarrei deia luzatu die Oskozek: “arazoa ahalik eta lehenen aurkitu, soluzioa errazagoa da”.
Sendatzen diren kasuen kopurua hazten ari den arren, asko dira bularreko minbizia izaten duten emakumeak. “Gehien ematen den minbizia” dela onartu du Sierrak, baina kopuru hain handia egotearen arrazoia “detekzio goiztiarra” dela adierazi du. Nolanahi ere, bularreko minbizia pairatzen dutenen %45ak laguntza psikologikoa behar izaten duela erantsi, eta AECC elkarteak Bidasoan zerbitzu hori dohainik ematen duela jakinarazi du.
Egitarau bateratua
Ostiral goizean hasiko dira Bularreko Minbiziaren Egunari lotutako ekitaldiak. Goizeko
Ttipi-ttapa programa berezia izango da, eta paseatzera joaten direnek arrosa koloreko zapi, puxika eta ur botilekin egingo dute ibilbidea. Herriko nagusiak Itsas Etxetik abiatzen dira ostiralero ttipi-ttapa, eta Itsas Etxean ere egingo dute arratsaldez ostiraleko bigarren ekitaldia, Julio Medemen
Ma ma film luzearen proiekzioa.
Larunbat goizean herrian zehar ariko dira bularreko minbizia prebenitzearen garrantzia nabarmentzeko. Ondoren, ekitaldia egingo dute Puntalean, Emekiren egoitzan, 12:30ean. Besteak beste, Rosa Gomez olerkariak ekitaldirako propio prestaturiko poema bat entzuteko aukera izango da.