Lasterketaz gain, familien proba eta mendi martxa izango dira. Jara Tome irundarrarentzat bideratuko da antolakuntza gastuak kubritzetik harago lortzen den diru kopurua.
Gonzalo Carrion hirugarren izan zen iazko lehen edizioan. Hunkituta iritsi zen helmugara, besoak zerura begira.
Bigarrenez egingo dute azaroaren 1ean (igandea da) Beñat Elzo kirolari hondarribiarraren omenezko mendi lasterketa. Ibilbide mistoa du, errepideko nahiz mendiko zatiekin, eta orotara 10,75 kilometrokoa da. Izena emateko aukera zabalik dago
Kirolprobak plataformaren webgunean. 11:00etan hasiko da egun horretan lasterketa, Hondarribiko kirol portuko merkatal guneko zabalgunetik (bertan egongo da ere helmuga).
Txipa jabegoan dutenentzat (horia) 19 euroko kostua du proban parte hartzeak; txipa ez dutenei zuria emango diete antolatzaileek, 20 euroan. Gaurko (asteartea, hilak 13) 15:00etan 122 korrikalarik zuten izena emanda jada, muga 400koa delarik. Hortaz, arin ibili beharko dute Beñat Elzon parte hartu nahi dutenek plaza lortzeko.
Txipa eta dortsala jasotzeko bi egun daude (behean daude). Horiek Izurde Urpeko Ekintza Elkartean jaso behar dira, Minatera kaleko (kirol kaiko kalea da) 4. zenbakiko 8B lokalean.
- Urriak 31, larunbata, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
- Azaroak 1, igandea (probaren eguna) 09:00etatik 10:00etara.
Berritasunak eta elkartasuna
Kirol proba bat baino askoz gehiago da Beñat Elzoren omenezkoa. Biosnar Triatloi Klubeko antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten, iaz bezala, II. Familien Beñat Elzo Lasterketa egingo da 12:30ean hasita; bereziki txikientzako pentsatutako proba da. Bertan izena emateko 5 euro ordaindu behar dira.
Baina berritasunik ere bada, I. Beñat Elzo Mendi Martxa egingo dutelako azaroaren lehen egunean, 09:00etan hasita, eta mendi lasterketaren ibilbide berbera eginaz (izen ematea 10 euro).
Bi jarduera horietarako izena azaroaren 1ean bertan eman daiteke, baina antolatzaileek aholkatu dute aldez aurretik izena ematea horietan, antolaketa lanak errazte aldera. Hala, aurretik apuntatzeko aukera dago Arrantzaleen Kofradian dagoen dendan (Bernat Etxepare kaleko 6. zenbakian dago).
Eta elkartasun zentzua ere badu lasterketak. Izan ere, behin antolaketa gastuak kubritzen direnean, soberan dagoen dirua SHUA gaixotasuna duen Jara Tome irundarrarentzat bideratuko dute, elkartasun keinua eginaz.