Hiriko ondarea ezagutarazteko, twitter bidezko lehiaketa jarriko du abian museoak. Iruni buruzko galderak erantzutean datza Oiasso museoaren iniziatiba berriak.
Oiassoren ataria
Hiriaren ondare historikoa eta arkitektonikoari balio handiagoa emateko asmoz, Oiasso Erromatar Museoak twitter bidezko lehiaketa abian jarri du, Ondare Bizia programaren barrukoa. Honakoa da lehiaketaren dinamika: museoak bere twitter kontuaren bidez (@MuseoOiasso) hiriko ondareari buruzko galderak egingo ditu irudi bidez, eta horiek erantzun egin behar dituzte partaideek. Twitter bidezko galderak asteartero 12:00etan botako ditu museoak, eta aste horretako igandeko 00:00ak arte dago horiek erantzuteko aukera. Hortaz, gaur 12:00etan botako du lehen galdera museoak.
Lehen fasean, hiriko arkitekturari buruzko, edo Irunen dauden eraikin eta toki berezien gaineko galderak egingo dituzte. Tokia zein den erantzuteaz gain, erantzuna zuzena izan dadin bi traol jarri behar dituzte parte hartzaileek. Lehena, lehiaketaren fasearen araberakoa da eta museoaren txioan agertuko da, modu honetara: #Reto1, #Reto2, #Reto3 eta abar… Bigarren traola komuna da, edozein faseko erantzunetan jarri beharrekoa: #Oiassondare.
Lehiaketaren azken galdera abenduaren 21ean botako dute, eta erantzuna hilabete horretako 27ra arte eman ahal izango da. Asteroko erantzun onenak saria izango du, Oiassora sartzeko bi sarrera. Eta lehiaketaren bukaeran sari handia: jasotako erantzun guztien artean onenak bi lagunentzako afaria irabaziko du.