Koalizioaren arabera, udal gobernuak "ez du sinesten" parte hartzean, eta iazko aurrekontuak osatzeko prozesutik aldaketarik ez dela eman adierazi du.
Izaskun Sorondo eta Oinatz Mitxelena, gaurko agerraldian
Kritiko. Oso kritiko agertu da gaur Irungo EH Bilduren udal taldea, udalak aurreko astean iragarri zuen aurrekontuen gaineko parte hartze prozesuaren harira. Utzikeria, sineste falta eta itxurakeria egotzi diote udal gobernuaren gai honetan, “udal gobernuak ez du parte hartzean sinesten, parte hartzearekin egiten duen politika itxurakeria hutsa da”. Hori esateko hainbat argudio eman dituzte gaur Oinatz Mitxelena eta Izaskun Sorondok, udaletxean, prentsa agerraldian.
Koalizioko kideen ustez, aurtengo prozesurako (2016ko aurrekontuetarako 1,5 milioi zertan inbertitu da prozesuaren helburua) epeetan “larri”, dokumentazio “eskasarekin”, eta “proiekturik gabe” ibili da gobernu taldea. Eta egitasmoa aurrera eramateko metodologia ez dela egokia uste du EH Bilduk, esanaz, iazko prozesuaren “gabezia” berberak dituela: “Proiektuak helbururik ez du, iritziak elkartrukatzeko guneak murritzak dira, eta gainera, iazko prozesuaren baloraziorik ez da egin, eta aurtengorako ere ez da planteatzen. Iazko esperientziatik ikasi ordez, aurten prozesua aldaketarik gabe aurkeztu digute, eta horrez gain, aurrez aurreko bilerak murriztu egin dira”.
Hala ere, herritarrei prozesuan parte hartzeko eskatu diete, “parte hartzeko dauden aukera gutxiak boikotatu behar ez direla uste dugulako”. Baina hainbat baldintza bete daitezela eskatu dute: “aurrez aurreko bileren balorazioa egitea eska dezatela, prozesuari ekarpenak egiteko aukera eduki ahal izatea, eta herritarrei prozesua hobetzeko otutzen zaizkien urrats guztiak eman ditzatela”.